07:44

Ekonomia

Gatazka

Urtarrilaren 21ean hasiko da Iberdrolak Siemensen aurka jarritako demandaren epaiketa

Agentziak | Erredakzioa

Iberdrolak udan jarri zuen Siemensen aurkako salaketa, azken horrek Gamesaren negozio guztia sozietate berri baten esku uzteko asmoa duelako.

  • Siemens Gamesa.

    Siemens Gamesa. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Marcos Bermudez Bilboko Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak urtarrilaren 21erako ezarri du Iberdrolak Siemensen aurka jarritako salaketaren epaiketa, Siemens Gamesako kontseiluak enpresaren interes-gatazka saihesteko neurriak hartzeari uko egin ostean. Siemens talde alemaniarrak konpainia horren akzioen % 59a dauzka eta, Iberdrolak, berriz, % 8a. Epaiketan, deklaratzera deituta daude Michael Sen, Markus Tacke eta Alberto Alonso kontseilariak.

Iberdrolak udan jarri zuen Siemensen aurkako salaketa, azken horrek Gamesaren negozio guztia sozietate berri baten esku uzteko asmoa duelako. Iberdrolak, gainera, Siemensi leporatzen dio bere gehiengoa besteen kaltetan erabiltzea. Atzo, asteartea, egin zuten epaiketa horren atariko auzi-saioa Bilboko Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegian, bi konpainietako ordezkariekin.

Testuinguru horretan, Iberdrolak uste du Siemensek bere energia-negozio osoa erosi nahi duela, Siemens Gamesa barne, eta konpainia horren jarduera guztia bilduko lukeen beste sozietate berri batera (Siemens Energy) lekualdatzea. 2020tik aurrera burtsan kotizatuko luke sozietate horrek, baina Iberdrolaren ustez aldaketa horrek Gamesaren kontratuei eragingo die, eta, kalte ekonomikoez gain konpainien arteko interes-gatazkak ekar ditzake.

Epaiketaren aurretik egindako auzi-saioan, Iberdrolaren ordezkariak Siemensek irailaren 17an egindako iragarpena aurkeztu zuen froga gisa, izan ere, Michael Sen Siemens Gamesako kontseilaria Siemens Energy sozietate berriko kontseilari ordezkaria izango dela iragarri zuen konpainia horrek.

Iberdrolaren ustez, interes-gatazka horretan sar daitezkeen sei kontseilari daude, bereziki Michael Sen eta Marcus Tacke, Siemensekin lotura estua dutenak.

Epaiketaren atariko saioan, Iberdrolak adierazi du aurreikusitako sozietate-berregituraketa horrek Siemensi eman ziezaiokeen “abantailaren aurrean”, interes-gatazka hori saihesteko Alberto Alonso kontseilariak proposatutako neurria egokia izan ote zen argitzea dela xedapen horren helburua.

Alabaina, talde alemaniarraren ordezkariak ez du uste aldaketa horiengandik “tira-birak sortzeko arriskua” egon daitekeenik.

Hala, epaileak urtarrilaren 21erako ezarri du epaiketa, baina hori ez da Siemensen eta Iberdrolaren arteko epaiketa bakarra izango, izan ere, abenduaren 12rako beste epaiketa bat aurreikusita dute Bilboko Merkataritza Arloko 2 zenbakiko Epaitegian, Iberdrolak Siemens Gamesaren administrazio-kontseiluak 2018ko maiatzaren 3an egindako bileran gai erreserbatuei buruz hartutako erabakia aurkaratzea erabaki ondoren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena