13:03

Ekonomia

Lana

Zer da ugazaben itxiera?

eitb.eus

Zein arrazoik legitimatzen dute legezko itxiera patronala? Nola gauzatzen da? Zer ondorio ditu?

  • Araluceko langileen manifestazioa

    Araluceko langileen manifestazioa. Argazkia: @ABizirik

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Enpresaburuaren eskariz lantokia ixtea da ugazaben itxiera. Horretarako, greba edo antzeko zirkunstantzia bat behar da, edo honako zirkunstantzia hauetako bat: arrisku edo kalte nabarmenak pertsonentzat edo gauzentzat, lantokia legez kanpo okupatzea edo ekoizpen-prozesu arrunta eragoztea.

Espainiako Konstituzioak ez du berariaz ezartzen ugazaben itxiera. Beraz, kontzeptu hori Langileen Estatutuaren 2. ataletik ondorioztatu behar da: langileek eta enpresaburuek gatazka kolektiboko neurriak hartzeko eskubidea dute. "Neurriak hartzeko eskubidea aitortzen dela" esatean, legezko mugen barruan ekintzak egiteko eskubidea aitortzen ari da, ondasun juridiko ukiezinak zaintzeko helburuarekin.

Indarrean dagoen legeriak (17/1977 Errege Lege Dekretua) ez du eskatzen enpresaburuak aldez aurreko administrazio-baimena izatea; aitzitik, nahikoa da lan-agintaritzari hamabi orduko epean jakinaraztea.

Bestalde, ez da beharrezkoa langileei edo haien ordezkariei edo greba-batzordeari jakinaraztea. Lan-agintaritzari egindako jakinarazpenak aukera ematen du hark kasuaren inguruabarrak baloratzeko eta, hala badagokio, zentroa berehala berriz irekitzea agintzeko. Hori gertatuko da itxiera justifikatzeko arrazoirik ez dagoenean edo itxiera eragin zuten arrazoiak desagertu direnean.

Ugazaben itxierak langile guztiei eragiten die, lan kontratuak eteten zaizkielako.

Araluceko itxiera

Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresako zuzendaritzak ugazaben itxiera iragarri eta "lan harreman oro automatikoki eten" ditu gaur goizaldean. Langileek salatu dutenez, euren lanpostuetatik bota dituzte. Irregulartasun kolektiboak argudiatu ditu Araluce lantegiaren jabe den Batzek itxiera patronala gauzatzeko.

Araluce trokelak diseinatzen, fabrikatzen eta prestatzen dituen enpresa da, automobilaren sektorean.

ELA sindikatuaren arabera, Batz Taldeak (Mondragon Korporazio Kooperatiboan sartutakoa), Araluce erosi zuen, langileek soldata jaitsierak, lanaldi igoera eta murrizketa sozialak hartzeko baldintzarekin. Batz Taldeak Araluceko industria proiektuari bideragarritasuna eskaintzen zion, bere taldearen barruan integratuz. Gainera, lan karga bermatzen zuen.

Orain, Batz Taldeak "Araluceren ugazaben itxiera eta 141 langileren kaleratzea" lortu nahi du. Duela zenbait aste jada iragarri zuen urtea amaitu baino lehen enpresa likidatzeko asmoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena