Ekonomia
Igorre
eitb.eus
Beharginek salatu dutenez, goizaldean kaleratu dituzte, eta enpresa ixtea erabaki dute. Batz taldeak konpainia likidatzeko prozesua abenduaren 31 baino lehen abiatzeko asmoa zuen.
Araluceko langileek protesta egin dute enpresaren aurrean, barrura sartu ezinik. Argazkia: ELA
Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresak jarduera eten du ostiral goizaldean, aurretik langileei ezer esan gabe, behargin batek eitb.eus-i jakinarazi dionez. Ondorioz, 141 langile kalean geratu dira.
Enpresa batzordea bost orduz bildu zen atzo sindikatu eta langileekin, baina topaketa akordiorik gabe amaitu zen. Goizaldean, 01:00a aldera, "likidatzaile bat eta Ertzaintzako agente batzuk bertaratu dira", eta gaueko txandako bost langileak kanporatu dituzte. Enpresak "itxiera patronalaren berri eman, eta lan-harreman oro automatikoki eten" dituela jakinarazi diete horrela.
Irregulartasun kolektiboak argudiatu ditu Araluce lantegiaren jabe den Batzek itxiera patronala gauzatzeko.
Langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren aurrean, barrura sartu ezinik, eta "Ertzaintzaren gehiegizko presentziaz inguratuta". Testuinguru horretan, "tentsio handiko uneak" izan dira, eta ertzainek hainbat karga egin dituzte langileek bertatik alde egin dezaten, behargin horren esanetan. Ildo horretatik, 09:00etan bilera egiteko asmoa zutela jakinarazi dute.
Azken asteetan, langileek hainbat manifestazio egin dituzte Igorreko kaleetan, Batz taldeari "hilabete batzuk gehiago" eskatuz, "Araluceko 141 familiei argi pixka bat eman diezaiekeen inbertitzaileren bat aurkitzeko".
Langileek salatu dutenez, oraindik ez dute urriko nomina kobratu, eta "gaizkile" gisa tratatu dituztela sentitzen dute. Hala, "tentsio handiko uneak" izan dituztela azpimarratu dute.
Batz taldeak galera ekonomikoak eta automobilaren sektorearen jaitsiera orokorra argudiatu ditu Araluce ixteko. Sindikatuak, berriz, taldeak emandako zenbakiak berrikusten ari dira, eta hain zorrotzak ez diren beste neurri batzuk eskatzen dituzte, hala nola, langileak taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzea edo itxiera ekarriko ez duten beste neurri batzuk hartzea.
Hemen gauz Araluceko langileak kampoan empresea itxi dozkuelako, cierre patronala. Aqui estamos los trabajadores de Araluce. Nos han decretado cierre patronal. @naiz_info @deia_eus @elcorreo_com @EFEnoticias @eitbeus @Herri_Irratia @berria @iurkullu @topatu_eus @La_SER @ABizirik pic.twitter.com/UMz4QDzrNx
— Eder (@ederarribas) November 8, 2019
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa