12:11

Ekonomia

Nafarroa

Nafarroak sei hilabeterako utzi ditu bertan behera apustu-etxeetarako baimenak

Agentziak | Erredakzioa

Joko-etxeei eta bingoei ere eragiten die neurriak. Erabakiaren arrazoia da Gobernuak balizko lege-aldaketa aztertuko duen batzorde bat sortuko duela.

  • Neurria 2020ko udaberrira arte izango da indarrean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

    Neurria 2020ko udaberrira arte izango da indarrean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroan, ondorengo sei hilabeteotan, bertan behera izango da apustu-etxe, joko-etxe eta bingo berriak irekitzeko baimenen ematea, Gobernuak asteazken honetako asteroko saioan adostu duenez.

Erabakiaren arrazoia da Nafarroako Gobernuak balizko lege-aldaketa aztertuko duen batzorde bat sortuko duela. Hainbat Departamentu izango dira nahasita batzorde horretan, eta horren xedea izango da jokoaren sektorearen hedapenak Nafarroako gizartearengan sortutako kezkari erantzuna ematea.

Horrela, Gobernuak zenbait neurri ezarri nahi ditu, tartean dauden aldeen interesen oreka zaintzeko, kontuan izanik enpresa-askatasuna eta osasun publikoaren babesa babestu behar dituela. Bereziki, ludopatiak prebenitzea eta adingabeak eta talde ahulak babestea zaindu nahi du Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak gehitu duenez, baliteke baimenen balizko zenbakizko muga aztertzea, Departamentuen arteko taldearen ondorioak aztertu ostean, baina ez atzeraeraginez. Aralar elkartearen datuen arabera, egungo ludopata pertsona gaztea da, 30 urtetik beherakoa, osasuntsua, kirolzalea eta kirol-apustuekiko mendekotasuna du.

62 establezimendu, Nafarroan

Javier Remirez presidenteordearen esanetan, Gobernuak lege-erregimen homogeneo eta orekatua nahi du ezarri; segurtasun juridikoaren eta interes publikoaren lehentasunaren hastapenetan oinarrituta, alde guztiek izan beharko lukete aukera babestuta ikusteko euren eskubide eta itxaropenak. Jokoaren sektoreak, egun, 62 establezimendu ditu Nafarroan, % 71 Iruñean eta Iruñerrian; aldi baterako neurri honek ez du oztopatu nahi sektorearen arrazionalizazioa, lege berrian lanean dabiltzan bitartean.

Gainera, kontuan izan dute Foru Parlamentuak eskatu duela, aho batez, luzamendu bat, apustu-etxeak, bingoak edo joko-etxeak irekitzeko, eta sei hilabete barru Nafarroan jokoaren arauketari helduko dion batzorde bat eratu duela. Prebentziozko pausuak emango ditu, jokoarekiko mendekotasunak ekartzen dituen arriskuak gutxitzeko; Gobernuak lan horri ere erreparatuko dio.

Remirezen zehaztu duenez, Nafarroan joko irekiaren 50 etxe daude (25, Iruñean), 9 apustu-etxe (6, hiriburuan) eta 3 bingo-areto (2 Iruñean); hortaz, hiriburuak establezimenduen % 53 biltzen ditu. Iruñerriak, 10 joko-etxerekin eta apustu-etxe batekin, % 17,7; eta Erriberak, % 19,3, 9 joko-etxerekin, 2 apustu-etxerekin eta bingo batekin. Gainerakoak Lizarran (3) eta Tafallan, Altsasun eta Urdazubin daude (bana).

Kirol-apustuek, gora

Ludopatiei dagokienez, Remirezek azaldu du Aralarrek itxaron-zerrenda ere baduela; izan ere, 2011n Interneten bidezko jokoa legeztatu zutenetik, kirol-apustuek gora egin dute, eta Interneteko zori-jokoetan ere gorakada izan da. Jokoarekin erlazio-eredu berriak daude (ordutegirik gabe eta bakarrean jokatzen dute askok), eta horrek kalteak ekartzen dizkiete harremanei, maila pertsonalean eta lanekoan ere bai.

Osasun Ministerioan dituzten azken datuen arabera (2017koak dira), 15 eta 64 urte arteko herritarren % 60,2k jokatu dute azken urtean; 2015etik, % 0,9ko gorakada izan da Interneten bidez jokatzen dutenei dagokienez, eta % 22koa modu presentzialean jokatzen dutenak aztertuta.

Egungo arauak ezarrita du 400 metroko aldea izan behar dela joko-etxeen artean, eta adierazten du sarrera-kontrola izan behar dutela kasinoetan, bingoetan edo apustuetako dendetan. Bertan daudenen edo Internet erabiliz jokatzen ari direnen nortasuna kontrolpean izan beharko lukete, eta ondorengoek debekatuta izan beharko lukete jokorako sarbidea: adingabeek, mozkortuta edo drogatuta daudenek eta Administraritzak edo epaileren batek eskatuta sarrera hori galarazita dutenek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena