Ekonomia
Osasun publikoa
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzan gehiengoa duten sindikatuok salatu dutenez, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik SME, Satse eta UGT sindikatuekin "negoziatuta, itxita eta sinatuta" zeuden.
Osakidetzako sindikatuen aurreko protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako sektore-mahaiaren bilerara ez joatea erabaki dute gaur ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Urriaren 8ko bileratik altxatzeko emandako argudio berberei heldu diete erabakia hartzeko.
Izan ere, sindikatuon hitzetan, bileron gai-zerrendan jasotako puntuak 2017ko Enplegu Akordioan "negoziatuta, itxita eta sinatuta" zeuden (SME Medikuen Sindikatuak, Satsek eta UGTk izenpetu zituzten) eta batzarra horiek berresteko "betebehar formal" gisa baliatu nahi izan du Osakidetzak.
Hiru sindikatuok ohar bateratu batean kritikatu dutenez, "Osakidetzak edukiz hustu du sektore-mahaia", negoziazio kolektiborako aukera bazter utzita. Hori horrela, iragarri dute ez direla mahaira itzuliko "proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean".
Azaldu dutenez, "beste sindikatu batzuen sinadura jarrita daukaten bi dokumentu" helarazi dizkie Osakidetzako zuzendaritzak. "Dokumentu horiek mahai sektorialera eraman aurretik, Satsek jendaurrean adierazi zuen ez zetorrela bat haiekin, eta horregatik ez zituela sinatu nahi. Egoera hain da larria, ezen mahai sektorialean zilegizko ordezkaritza dugun sindikatuok Satseren adierazpen publikoen bidez jakin baitugu akordio horiek sinaturik zeudela", salatu dute.
Egoera horren aurrean, "berdintasunezko eta fede oneko" negoziazioari berriro heltzeko eskatu diote hiru sindikatuek Osakidetzari. Euren ustez, "premiazkoa lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen) edo garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea".
Osakidetzak eskua luzatuta daukala azpimarratu du
Bestalde, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak deitoratu egin du ELAk, LABek eta CCOOk gaurko bileran parte hartu ez izana. Erabaki horren atzean "sindikatuen arteko tentsioak" daudela iritzi dio, Lehen Arretari buruzko puntuan desadostasunak dauzkatelako.
UGT, SME eta SATSE sindikatuek hartu dute parte batzarrean. Diegok azpimarratu du Osakidetzak eskua luzatuta segitzen duela, eta sindikatuekin aldebiko bilerak deituko dituela, "egoera bideratzeko asmoz".
"Arazoak konpontzen saiatzeko gaude hemen", nabarmendu du Osakidetzako zuzendari nagusiak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa