Ekonomia
Aurreikuspena
Jaurlaritzak ia 600 milioi euro murriztu du zorra, BPGaren % 12,2raino
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, urte osorako aurreikuspenen arabera, Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 igoko da, Jaurlaritzak hasiera batean aurreikusitakoa baino hamarren bat beherago soilik.
Eusko Jaurlaritzak 597 milioi euro murriztuko du zorra urtea amaitu aurretik, 9.444 milioi euroan uzteko; hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 12,3an.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), Estatu osoan zor txikiena duen autonomia erkidegoa da. Horrek nabarmen hobetzen du kalifikazio-agentzien aurrean duen puntuazioa, eta merkatuetara sarbide hobea izateko aukera ematen dio, kostu eta inbertitzaile aniztasunari dagokienez.
Legealdia hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak zergak finkatzeko eta aurrekontua unean uneko egoeraren arabera egokitzeko izan duen estrategiari esker lortu da hori. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, krisi urteetan ezinbestekoa izan da gehiago zorpetzea, baina baliabide gehiago dauden garaietan "beharrezkoa da kontu publikoak saneatzen joatea".
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Eusko Jaurlaritzaren zorra murrizteko politikaren berri eman du astelehen honetan, Gasteizen egin duen agerraldian.
Azpiazuren iritziz, zorra kitatzea “etorkizunerako inbertsioa” da, egoera ekonomiko zailagoen aurrean hobeto erantzutea ahalbidetzen duelako. “Buelta eman diogu egoerari. Orain, zorrak kitatzen eta herrialde gisa daukagun hipoteka murrizten joateko behar adina baliabide ditugu”, azpimarratu du Ogasun eta Ekomomia sailburuak.
Aurrekontu egonkortasunari buruzko araudiak, 2019an % 13,8ra arte zorpetzeko aukera ematen dio EAEri. Hori dela eta, EAEko kontu publikoek baimendutako zorra baino 1.000 milioi inguru gutxiago dute.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 2020rako egiten duen aurreikuspenaren arabera, 9.291 milioi eurora arte murriztuko da zorra.
Eustaten hiruhileko kontuak berrikusi eta egoerari buruzko hipotesiak eguneratuta, 2019an EAEko BPGa % 2,2 igotzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, aurreikusitakoa baino hamarren bat beherago. 2020rako, berriz, % 2koa izatea aurreikusi du.