12:10

Ekonomia

Greba Bizkaian

Metalgintzako enpresarien alde egin izana ukatu du Urkulluk

Agentziak | Erredakzioa

Legebiltzarrean zeuden sindikatuetako ordezkariak hemiziklotik irtenarazi dituzte, hainbat pankarta erakutsi eta oihuak egin ostean.

2:10
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak metalgintzako gatazkan enpresarien alde egin izana ukatu du eta akordioa adosteko "benetako borondatea" eskatu die Metal sektoreko patronalari zein sindikatuei.

Metalgintzako auziaren harira, Iker Casanova (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Elkarrekin Podemos) legebiltzarkideei erantzun die Urkulluk gaur Legebiltzarreko saioan, lehendakariaren jarrera gaitzetsi, eta "onartezintzat" jo baitute lehendakariak auzi horren harira irailaren 30ean hitzaldi batean enpresarien alde egin izana.

Sindikatuek "akordiorako borondaterik ez" dutela esan zuen egun hartan Urkulluk, eta enpresariek argi utzi zutela greba saihesteko ahalegin guztiak egin zituztela. 

Horren esanetan, errealitatea "jakinaraztera mugatu nintzen, patronalak sindikatuei bederatzi proposamen aurkeztu zizkielako eta sindikatuek, berriz, bakarra". Hori dela eta, ez zela inoren alde jarri esan du, ezta arrazoia nork duen adierazi ere. "Nik ez nuen esan nork daukan edo ez daukan arrazoia", azpimarratu du. 

Ondorioz, hitzaldi hartan esandako guztia kontuan hartzeko eskatu die bi legebiltzarkideei, eta esandakoa "ez desitxuratzeko". Ildo horretan, berak esan ez duen zerbait iritzi publikoari helarazi izana "onartezintzat" jo du.

Lehendakariak elkartasuna helarazi die Metaleko langileei, eta enpleguan segurtasunez aritzeko eta soldata duin bat izateari uko ez egiteko esan die.

Metalgintzako sindikatuak

Bestalde, Legebiltzarrean zeuden sindikatuetako ordezkariak hemiziklotik irtenarazi dituzte "Urkullu: noizko langileen alde?" leloa zuten pankartak erakutsi eta "Urkullu eta Cebek gauza bera dira" bezalako garrasiak bota ostean.

Sindikatuen arabera, lehendakariak "bizkarra eman die langileei": "Patronalaren bertsioa kontatu du berriro Urkulluk; hortaz, bizkarra eman die berriro metalgintzako langileei".

Halaber, salatu dutenez, lehendakariak "alde bakarra entzuten du", eta "patronalarekin eta botere ekonomikoaren arduradunen alde egonda horien bertsioa zabaltzea interesatzen zaio", esan dute.

"Eusko Jaurlaritzako inork ez du sindikatuekin hitz egin gure aldarrikapenak ezagutzeko", azaldu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena