Ekonomia
AURREIKUSPENAK
Munduko ekonomiaren 2019rako hazkunde aurreikuspena % 2,7ra murriztu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak adierazi duenez, 2019ko eta 2020ko aurreikuspenak azken 10 urtetako txarrenak dira. Ezegonkortasun politiko eta ekonomikoa aipatu ditu arrazoi gisa.
-
Beheranzko joera erakusten duen grafikoa. Egile eskubiderik gabeko irudia
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak munduko ekonomiaren 2019rako eta 2020rako hazkunde aurreikuspenak murriztu ditu, ezegonkortasun politikoa eta ekonomikoa tarteko. Brexit gogorra, AEBren eta Txinaren arteko gerra komertziala eta Alemaniako ekonomiaren motelaldia aipatu ditu beherakada horren eragileen artean.
Zehazki, 2019an hazkundea % 2,9koa izango dela iragarri du (azken aurreikuspenean baino hiru hamarren gutxiago) azken hamarkadako daturik txarrena. 2020. urteari begira, munduko ekonomiaren hazkundea lau hamarren murriztu du, % 3ra arte.
Hazkunde aurreikuspenen jaitsiera orokortua izan da. Euroguneko barne produktu gordina % 1,1 igoko da 2019an, hamarren bat gutxiago, eta 2020an, ostera, % 1, lau hamarren gutxiago. Alemania % 0,5 haziko da aurten, aurrez aurreikusitakoa baino bi hamarren gutxiago. Frantziari eta Italiari dagokionez, aurreikuspenak mantendu ditu Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.
2020. urteari begira, % 0,6ra arte jaitsi du Alemaniaren hazkunde aurreikuspena (sei hamarren) Frantzia % 1,2 haziko da, hamarren bat gutxiago, eta Italia, % 0,4 haziko da, bi hamarren gutxiago.
Erresuma Batuko ekonomiak, ostera, % 1 egingo du gora 2019an, bi hamarren gutxiago, eta 2020an, % 0,9, hamarren bat gutxiago.