Ekonomia
Irregulartasunak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunengatik deklaratzera deituta dauden goi-karguetako bat da Balerdi, Juan Carlos Sotorekin eta Andoni Arcelayrekin batera.
Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordeak dimisioa eman du, LPEaren harira
Albisteak (14)
Azken lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunekin lotuta, Gasteizko epaitegian deklaratu behar zuen Xabier Balerdi Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordeak aurki, baina epaiketaren eguna iritsi orduko, dimisioa emateko erabakia hartu du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duenez.
LEPan izandako ustezko irregulartasunengatik deklaratzera deituta dauden goi-karguetako bat da Balerdi, Juan Carlos Sotorekin eta Andoni Arcelayrekin batera.
Sindikatuek ezarritako salaketen harira abiatu zuten prozesu judiziala. Gainera, EAEko Fiskaltza Nagusiak izapideak egin zituen, azken lan eskaintza publikoan, 19 espezialitatetan, iruzurra egon ote zen ikertzeko
Salaketa horien ondorioz, bost azterketa errepikatu behar izan zituzten. Gainera, Jon Darpon Osasun sailburuarekin dimisioa ekarri zuen ustezko irregulartasunengatik sortutako auziak, baita Maria Jesus Mugica zuzendari nagusiarena ere.
Horien ostean, Balerdiren dimisioa iritsi da, "berak horrela erabakita". Esan bezala, Giza Baliabideetako Kudeaketa, Antolakuntza eta Garapen zuzendariorde izan da 2017ko apirilaz geroztik.
Erreakzioak
Dimisioa iragarri eta berehala iritsi dira lehenengo erreakzioak. Hala, LAB sindikatuak esan du ez dela ikerketa judizialarekin lotutako "azkena" izango, eta gogor kritikatu du Osakidetzak "dimisio emaileen eta filtrazioen arteko ageriko lotura ukatzen jarraitzea".
"Iruzurra ukatzen ezin da eredurik eraiki etorkizuneko LPEetarako", gaineratu du, eta Osakidetzari eskatu dio negoziazio prozesu "serioa" abiatzea euskal osasun publikorako sarbidea "demokratizatze aldera".
Bestalde, ESK-k uste du "berandu" iritsi dela dimisioa, "ezinbestekoa" zelako, azterketen filtrazioak Osakidetzan "ezarritako" sistema direlako, "Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradun politikoen babesarekin".
ESK-k gogorarazi duenez, irregulartasunen salaketa duela urtebete izan bazen ere, dimisioak "tantaka" izaten ari dira, eta Balerdiren kasuan, "opor garaian". Horregatik, "kalteen kudeaketa" eta "dimisioak entzute handia izatea" galaraztea bilatzen dutela gaitzetsi du.
ELArentzat ere "ezinbestekoa" zen dimisioa, baina ez du uste Osakidetzaren politikan aldaketa bat denik, baizik eta "aurpegi aldaketa" hutsa.
"Profesionalen aukeraketa gardena eta parekidea izatea nahi badugu, ezinbestekoa da gaur egungo hautaketa sistema ustela amaitzea, eta baita gaur egun dagoen lan prekarietatea amaitzea ere, hori baita sistemaren oinarria. Gaurdaino, Osakidetzak ez du pauso sendorik eman ez norabide batean, ez bestean", kritikatu du ELAk.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa