13:23

Ekonomia

Goi-bilera

G7ren kontrakoei aurre egiteko Ertzaintzaren 'planifikazio ona' eskatu du ErNEk

Agentziak | Erredakzioa

Ertzaintzaren sindikatuaren arabera, ez da Poliziaren "gaitasun osoa erabiltzen", "konplexu" batengatik "errepresioaren" iruditik aldendu nahi dutelako.

  • G7ren kontrako protesta, Biarritzen.

    G7ren kontrako protesta, Biarritzen. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Biarritzen G7ak egingo duen goi-bilera dela-eta Irun inguruan egon litezkeen istiluen aurrean, "planifikazio ona" egiteko eskatu dio Aitor Otxoa ErNEren Gipuzkoako idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, eta Ertzaintzak dituen "baliabide guztiak" erabiltzea galdegin dio.

Abuztuaren 24a eta 26a artean egingo dute goi-bilera, eta bertan izango dira Donald Trump (AEB), Angela Merkel (Alemania), Emmanuel Macron (Frantzia), Carlos Giuseppe Conte (Italia), Boris Johnson (Erresuma Batua), Justin Trudeau (Kanada) eta Shinzo Abe (Japonia).

Goi-bileraren aurrean, G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek (besteak beste, Ahal Dugu, EH Bildu, Sortu, Ezker Anitza, Ernai, ESK, Steilas, LAB, Hiru, Bilgune Feminista, Gilets Jaunes G7, Stop Kaleratzeak Bidasoa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak daude horien barruan) "kapitalismo basatiari ezetz" esatea eskatu dute, eta kontragailurra deitu dute abuztuaren 21etik 23era Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).

Ertzaintzaren sindikatuko ordezkariak munduko hainbat tokitan beste goi-bileretan "antisistemek" sortutako istiluak gogorarazi ditu, eta Frantziako Poliziak mugan pasatzen ez uzteko "oso iragazki garrantzitsua" prestatuko duela esan du. Hhori dela eta, "jende guztia alde honetan (Gipuzkoan) geratzeko arriskua dago".

Ficoban, Irunen, egingo diren protestetara eta hitzaldietara ere "antisistemak" joango direla ohartarazi du Otxoak.

Horren arabera, Ertzaintza gerta litekeenari "erantzuna emateko gai da", eta, horregatik, balizko istiluak prebenitzeko eta konpontzeko baliabide guztiak erabiltzeko eskatu du. Iskanbila horiek Irungo eta inguruko polizia-etxeetan izan litezke.

"Maila eman"

Sindikatuaren ordezkariak gogorarazi duenez, aurretik egindako ekitaldietan, Ertzaintzaren dispositiboek "ez dute maila eman", eta kritika asko jaso dituzte, Bilbon 2018ko martxoan Athleticen eta Spartaken partida baino lehen izandako istiluei erreferentzia eginez. Egun horretan, ertzain bat hil zen, bihotza geldituta.

Era berean, Donostian Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko lagunarteko neurketaren ostean izandako istiluak aipatu ditu —14 ertzain zauritu ziren—. Bizkaiko hiriburuan egindako Nazioarteko Goi-bilera Ekonomikoa ere gogoratu du. Txanodun taldeek erakusleihoak apurtu, edukiontziak erre eta saltokiak hautsi zituzten.

Otxoaren esanetan, horrelako dispositiboetan "ez da Ertzaintzak duen ahalmen osoa erabiltzen", eta "badirudi konplexu bat dagoela baliabide guztiak erabiltzeko orduan", "errepresioaren" iruditik aldentzeko.

"Ez dut uste Irunen inor, ez merkatariak ezta arriskuan dagoen jendea ere, izutuko duenik Ertzaintza gerta litekeenaren aurrean prest egoteak. Eta gero ezer gertatzen ez bada, bikain! Oxala!", esan du.

Ertzaintzak "horrelako ekitaldiei aurre egiteko nahikoa baliabide du", esan du, eta nabarmendu duenez, orain arte, "haztatu dutenean, huts egin du", "planifikazioa txarra izan delako" eta "ez direlako dituen baliabide guztiak erabili".

"Uste dut herritar zintzoa ez duela kezkatuko Irungo eta inguruko polizia-etxeetan baliabide asko ikustea, etorriko denaren aurrean. Eskarmentuak dioskuna da istiluak sortu ohi duten jendea dela, beste lekuetan gertatu den moduan", esan du, eta hori iradokitzen dute Interneten zabaldutako mezuek.

Deialdi horien artean dauden "tarteko espazio guztiei" baino beldur gutxiago die Otxoak manifestazioari edo beste ekitaldiei, horiek planifikatuta daudelako. "Prest egon nahi dugu, eta politikariek erakusteko aukera ona dela konturatzea nahi dugu", azpimarratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena