Itxi

Ekonomia

Eustaten datuak

EAEko ekonomiak % 2,3ko hazkundeari eutsi dio bigarren hiruhilekoan

Agentziak | Erredakzioa

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren hazkunde aurreikuspenak bete dira, 2019an % 2,3ko hazkunde ekonomikoa izango zela iragarri baitzuen Urkulluren Gobernuak.

  • Bi behargin eraikuntzan lan egiten, Gasteizen

    Bi behargin eraikuntzan lan egiten, Gasteizen. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

EAEko hazkunde ekonomikoa mantendu egin da urteko bigarren hiruhilekoan, eta % 2,3ko hazkundeari eutsi dio; urtarrila eta martxoa bitarteko hazkunde bera izan da. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren hazkunde aurreikuspenak bete dira, 2019an % 2,3ko hazkunde ekonomikoa izango zela iragarri baitzuen Urkulluren Gobernuak.

Eustatek astearte honetan jakitera eman dituen datu ekonomiko aurreratuen arabera, Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,6 hazi da, urtarrila eta martxoa artean baino hamarren bat gutxiago.

Enplegua dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuak bezala neurtuta, berriz, % 1,7 hazi da, 2018ko epe bereko datuekin alderatuta; hau da, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago.

Langileen hazkundeak Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak ekainean aurreikusitakoaren ildoari jarraitu dio bigarren hiruhileko honetan ere.

Azpiazuren arabera, 2019an hazkundea "egonkorra" izango da; 2020rako, berriz, BPGaren hazkundea % 2koa izango da. Lanpostu berrien sorkuntzaren harian, 2019an 16.000 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen sailburuak.

Eskaintzari dagokionez, lehen sektoreak ez ezik, besteek ere joera ona izan dute, Eustaten arabera.

Bigarren hiruhilekoan, esaterako, industriaren suspertze txikia izan da, baita eraikuntza sektorearen hazkundearen moteltzea ere.

Bestalde, % 0,4 hazi da enplegua, aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta.