Ekonomia
'Euskal Y'a
Eitb.eus
Antzuolatik Ezkiora doan zatia da, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eraikitakoa. Astigarragatik Donostiara sartzeko azken tartea eta geltoki berria baino ez dira falta.
Albisteak (3)
Eusko Jaurlaritzak amaitu ditu Abiadura Handiko Trenaren (AHTa) Gipuzkoako tartea eraikitzeko lanak. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Eusko Jaurlaritzari agindu zizkion lanok, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) egin ditu. Hori horrela, dagoeneko amaituta daude Bergara eta Hernani arteko trazatua osatzen duten 57 kilometroak. Eusko Jaurlaritzak 1.723 milioi euroko inbertsioa egin du lanok gauzatzeko.
Antzuola-Ezkio tartea amaituta, Astigarragatik Donostiara sartzeko azken zatia eta geltoki berria baino ez dira falta. Aurreikuspenen arabera, azken hori irailean lizitatuko du ETSk.
Gaur egin dute Euskal Yaren zati horren aurkezpena. Bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Antonio Aiz Garraio sailburuordea eta Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusia.
ETSk lanok "epearen barruan eta modu egokian" egin dituela eta, Urkulluk erakunde publikoa proposatu du "superegitura instalatzeko lanak bere gain hartzeko" eta atzerapen gehiago ez izateko.
Lehendakariaren iritzian, Sustapen Ministerioak nahiko balu "berehala hasi ahal izango litzateke trenbidea eta katenaria instalatzen Gipuzkoako tarte horretan, gure ekonomiaren lehiakortasunerako ezinbestekoa den azpiegituran atzerapen gehiago saihesteko". Nabarmendu duenez, "herritarrek ez dute atzerapen hori ulertzen, eta Arku Atlantikoko lurralde guztien garapen sozio-ekonomikoari kalte egiten dio".
Urkullu "oso pozik" agertu da azpiegitura konplexuaren eraikuntza lanetan parte hartu duten ingeniaritza enpresen eta bestelako enpresen ahalmen teknikoa ikusita. Izan ere, trazatuaren ezaugarri orografikoen ondorioz, % 70 tunel barruan egin da, eta, gainera, paisaia integratzeko esfortzu handia egin da.
Bestalde, Arantxa Tapiak gogorarazi duenez, "Korridore Atlantikoak nazioarteko lotura eskatzen du, Europar Batasunak 90eko hamarkadatik lehenetsitako azpiegitura da eta. Baina, hala ere, oraindik errealitate izatetik urrun dago". Hala, sailburuak zalantzan jarri du abiadura handiari dagokionez, Estatuak aurrera daraman politika, eta bere iritziz politika horren balantzea "urria" da. "Espainiako Estatua mundu osoan abiadura handiko sarea gutxien erabiltzen den herrialdea da, eta oraindik ez da penintsula iparraldearen eta Europaren arteko konexioa osatzeko gai izan", gaineratu du.
Sailburuak nabarmendu duenez, "Euskadik badaki egiten", izan ere, "arrakastaz, epe barruan eta modu egokian, Euskal Ya martxan jartzeko agindutako proiektuak eta lanak osatzea lortu du". Tapiaren hitzetan, "ETS aurreikusitakoaren arabera ari da bere egitekoak betetzen, eta 2023rako dena amaituta edukiko dugu".
Era berean, lehendakariak egindako eskaintza berretsi du: "Teknikoki guztiz prest gaude lan berriei ekiteko, behar adineko gaitasuna dugula erakutsi baitugu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa