Ekonomia
Eusko Jaurlaritza
BPGa eta enplegua aurreikusitakoa baino gehiago haziko dira, % 2,3 eta % 1,7raino
Agentziak | erredakzioa
Ogasun eta Ekonomia sailburuaren esanetan, 2019an, 16.000 lanpostu gehiago sortuko dira EAEn, aurreikusitakoak baino 1.200 gehiago, alegia.
-
Langile bat lanean. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
EAEko ekonomia % 2,3 haziko da aurten, Eusko Jaurlaritzak martxoaren amaieran aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago, hain zuzen. Enplegua ere aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago haziko da, % 1,7ra arte.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak prentsaurrekoan aurkeztu ditu lehen hiruhilekoaren ekonomia datuak, baita Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoen hazkunde datuak ere.
Enpleguak hobera egingo du, eta 16.000 lanpostu sortuko dira 2019an, aurreikusitakoak baino 1.200 gehiago.
Ogasun eta Ekonomia Sailaren datuaren arabera, datuek soslai egonkorra aurreratzen dute urte honetarako, lehen hiruhilekoak erakutsi dituen antzeko balioekin. Halaber, 2020rako aurreikusitako % 2ko hazkundea mantentzen dela iragarri du Azpiazuk. Bi urteetan, barne eskariaren indarra izango da hazkundearen oinarria, urtero hamarreko gutxi batzuk murriztuko dituen kanpoko saldoaren aurrean.
¿ | Gorantz zuzendu ditugu 2019rako genituen aurreikuspenak. BPG-a ¿¿%2,3 haziko da, eta enplegua, ¿¿%1,7. Aurten, 16.000 enplegu sortuko dira, aurreikusitakoak baino 1.200 gehiago. Euskadiko ekonomiaren hiruhilabetekaria aurkeztu dugu gaur: https://t.co/vbLbhJxsdp pic.twitter.com/4LCax0zjEr
— Pedro Azpiazu (@PedroAzpiazu) 21 de junio de 2019
Nazioartearekin alderaketa eginez, euskal ekonomiak Europar Batasunak (% 1,5) eta euroguneak (% 1,2) lortutako balioen gainetik hazten jarraitzen du, eta puntu bat baino gehiagoko diferentziala erakusten du Alemaniaren (% 0,7), Frantziaren (% 1,2) eta, batez ere, Italiaren (% -0,1), hazkundearekin alderatuta. Ez du, ordea, alde handirik erakusten Espainiarekiko (% 2,4).
Europarekin alderatuz duen hazkunde diferentzial horrek sakondu egin du kanpoko saldoak euskal ekonomian izan duen ekarpen negatiboa, lau hamarrekora arte. Oraindik ez da oso balio altua, baina 2017. eta 2018. urteetan bizi izandako urteko batez besteko oreka apurtzen du. Urte horietan hamarreko bat baino ez zuen murriztu. Nazioarteko merkataritza harremanek erakutsi duten moteltzeak, urte arteko % 1,4 murriztu ditu ondasunen eta zerbitzuen benetako esportazioak lehenengo hiruhilekoan, eta inportazioak 2018ko epealdi berekoak baino % 0,9 txikiagoak izan dira.
Barne eskariak, bere aldetik, egonkortasun nabarmena erakutsi du 2019. urtearen hasieran, eta aurreko hiruhilekoan izandako hazkunde bera lortu du (% 2,6). Gainera, aurrerako erritmoak erakusten duen egonkortasun hori bere bi osagai nagusietara zabaltzen da. Horrela, kapital eraketa gordinak % 4,1eko hazkundea lortu du, aurreko bi epealdietan izandakoaren oso antzekoa. Ekipo ondasunetako inbertsioak gora egin duela hautematen da (% 3,3), eta horrek murriztu egiten du aurreko hiruhilekoetan izandako moteltzea. Inbertsioaren gainerakoak leundu egin du bultzada, baina oraindik hedapen handia erakusten duten balioetan jarraitzen du (% 4,7).
Azken kontsumoaren gastuari dagokionez, % 2,1 egin zuen gora lehen hiruhilekoan, aurreko balioen antzera. Atal horretan, kontsumo pribatuaren bultzadaren galera hautematen da, intentsitatea % 2,2ra arte murriztu baitu. Administrazio publikoen kontsumoak, berriz, % 2,0ra igo du. Beraz, euskal familiek euren gastua errenta erabilgarriaren bilakaerara, enpleguaren sorkuntzara eta benetako soldaten igoerara dagokienez batez ere, egokitzen jarraitzen dute. Jokabide horrek urrundu egiten du gehiegizko zorpetzearen mamua, eta ekonomiaren hedapenari laguntzen dio.
Sektoreen ikuspuntutik, 2019ko lehenengo hiruhilekoan azpimarratu beharreko ezaugarria industria balio erantsiaren berreskuratzea da, % 0,4 txikia egin baitu gora, aurreko epealdian izandako % 0,2ko jaitsieraren ondoren. Nazioarteko merkataritzak sortzen dituen zalantzak eta inguruko herrialdeetan jarduera jasaten ari den moteltzeak baldintzatu dituzte euskal industriaren emaitzak azken hilabeteetan. Dena den, azken informazioek, zalantzak argitzen eta ekoizpena berreskuratzen hasten ari direla erakusten dute.
Eraikuntzak eta zerbitzuek, euren aldetik, oso hazkunde garrantzitsuak izan zituzten. Eraikuntzari dagokionez, % 5,1eko igoera bikaina izan zuen, eta zerbitzuek % 2,7koa, ekonomia osoak baino ia puntu erdi gehiago.
Euskal ekonomiaren dinamismoa, garatutako beste ekonomia batzuetan gertatzen den bezala, ez da prezioetan islatzen, eta BPGaren deflatorea % 1,1 apalean geratu zen, 2018an izandako batez besteko balioaren antzera (% 1,0). Deflatorearen datua maiatzeko, ezagutzen den azkenengo, azpiko inflazioaren hazkundetik gertu geratu da (% 0,9), eta, ondorioz, kontsumo prezioek une puntualetan izan zituzten igoerak, osagai aldakorrenen aldaketen ondoriozkoak izan ziren, energiaren prezioen ondoriozkoak, batez ere. Horrela, maiatzeko KPIa % 1,0koa izan zen, eta hondakin inflazioa % 1,5ekoa, aurreko bi hilabeteetan % 4,0tik gorako igoerak erakutsi ostean.