Ekonomia
'Euskal Y'
Agentziak | Erredakzioa
Abiadura handiko trena lurpetik sartuko da Abandoko geltokira, eta 2023rako egongo da prest.
Abandoko geltoki berria. EFEren artxiboko argazkia
Abiadura Handiko Trena (AHT) Bilbora sartzeko eta Abandoko geltoki berria egiteko lanak "gutxi gorabehera" urtebete barru, alegia, 2020ko ekainerako, lizitatuko dituzte, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak iragarri duenez.
AHTaren etorrerak Bilbo zelan aldatuko duen azaltzen duen erakusketa paratu dute Bilboko Metroaren Zazpikaleak geltokian, eta horren inaugurazioan egin zuen iragarpena Tapiak, Julian Lopez Sustapen Ministerioko Azpiegitura idazkari nagusia eta Juan Mari Aburto hiribilduko alkatea ondoan zituela.
Tapiaren hitzetan, alegazio fasean dago orain proiektua, eta izapideok gaindituta, "urtebete barru gutxi gorabehera", lizitatzeko prest egongo dira lanak.
Espainiako Gobernuak 2018ko martxoan iragarri zuenez, AHTa lurpetik helduko da Abandoko geltoki berrira. 730 milioi euroko aurrekontuarekin, 2023rako egongo da prest azpiegitura.
"Lanean jarraitu behar dugu, baina errealitate egingo dugu. Berandu, baina bagoaz", nabarmendu du sailburuak.
Aburto, Tapia eta Julián López Sustapen Ministerioko Azpiegitura idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Tapiaren esanetan, AHTaren Bilboko sarbidea "egingarria eta anbizio handikoa" da, eta hiribilduari ekarriko dizkion onurak zehaztu ditu: historikoki trenbideak banatuta egon diren auzoak batuko ditu, eta Estaturako eta Europarako lotunea izango da.
Gasteiz eta Donostiako proiektuak hizpide, sailburuak nabarmendu du Arabako hiriburuko txosten informatiboa ekainean argitaratu dutela, eta Donostian, "azken ukituen faltan", irailerako espero dute lizitazioa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa