Ekonomia
Ustezko zerga-iruzurra
Agentziak | Erredakzioa
2010ean, 2011n eta 2012an zerga-delituak egiteagatik, hain zuzen ere Ogasunari bi milioi euroko baino gehiagoko kaltea eragiteagatik, euskal futbolari ohiak aurreko beste kereila bat ere bazuen.
Xabi Alonsok bazuen haren aurkako beste kereila bat. Argazkia: EFE.
Fiskaltzak beste kereila bat aurkeztu du Xabi Alonso euskal futbolari ohiaren aurka; izan ere, 2013ko ekitaldian, ustez, 572.008 euroko iruzurra egin zion Ogasunari.
Hortaz, Xabi Alonsok bi kereila ditu haren aurka aurkeztuta; lehenengoan, berarentzako bost urteko kartzela-zigorra eskatu zuten, 2010ean, 2011n eta 2012an zerga-delitu bana egiteagatik, eta Ogasunari bi milioi euroko baino gehiagoko iruzurra eragiteagatik. Auzi horretan, Ogasunak futbolari ohiaren irudi-eskubideetako kontratuak ikertu zituen, xede izanik jakitea zerga-ordainketari zegokionez simulatuak ziren ala ez.
Bi kereiletan, beste bi lagun ere daude tartean: Ivan Zaldua Xabi Alonsoren zerga-aholkularia, eta Isnasi Maestre, zerga-kontsultari gisa.
Kardzali elkartea
Fiskaltzak bigarren kereila honetan jakitera eman duenez, 2009ko abuztuaren 1ean Alonsok kontratu bat sinatu zuen, eta bertan, "antza", Portugalgo Madeirako Kardzali elkarteari laga zizkion bere irudi-eskubideak; elkarte horrek zerga-salbuespena zuen bertan 2012ra arte, kontuan izanik 2001 baino lehen sortu zutela.
Kereilan adierazita dagoenez, Mastrek bideratu zuen operazioa; bera zen, 2014ra arte, Kardzaliko administratzailea. Beste 23 elkarteko administratzailea zen Maestre, eta bazekien Xabi Alonsorekin adostutakoaren helburua zela "zerga batzuk ez ordaintzea".
Kereilaren arabera, Zalduak planifikatu zuen operazioa, eta Zalduak bazekien Alonsok aukera izango zuela zerga batzuk ez ordaintzeko; hain zuzen ere, jokalariaren irudia ustiatzeagatik ondorioztatzeko etekinen zergak ez ordaintzeko aukera.
2013tik, Espainian zerga-egoiliar
2009an, Real Madrilekin kontratua sinatu ostean, Alonsok helbide berria izan zuen: "2013ko ekitaldian, Xabi Alonso Espainian zen zerga-egoiliarra, Madrilen zuen zerga-egoitza, eta bertan zituen zerga-obligazio guztiak".
Dena den, Fiskaltzak zehazten duenez, "legez kontrako zerga-onura lortzeko asmoz", futbolari ohiak, errentaren aitorpena egin zuenean, ez zuen deklaratu irudi-eskubideak ustiatu izatearekin lotutako etekinik; izan ere, "Kardzali elkarteaz eta ustez eskubide horiek lagatuta izateaz baliatu zen".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa