Ekonomia
Lan-gatazka
agentziak | erredakzioa
Osasun Sailaren arabera, % 31eko jarraipena izan du sektorearen hirugarren greba egunak, eta sindikatuentzat, langileen % 60k egin du lanuztea.
EAEko Lehen Arretako langileek manifestazioa egin dute Gasteizen, Osakidetzak proposatutako neurri "eskasak" eta "murrizketak" salatzeko, talde honek egin duen hirugarren greba egunean. Lanuztearen jarraipena % 31koa izan da Osasun Sailarentzat, eta % 60koa ELA sindikatuarentzat.
EAEko 6.000 mediku, pediatra, erizain eta osasun-zentroetako administrari daude deituta lanuzteen hirugarren jardunaldira, Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma multiprofesionalak eta ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT eta Satse sindikatuek deituta. Mahai Sektorialaren azken bileran, ostiralean, Osakidetzak ez zuela proposamen "sakonik" egin salatu dute.
Osasun Sailaren arabera, jarraipena goizean % 31koa izan da. Azken deialdian, maiatzaren 17an, % 35ekoa izan zen. Datu horien arabera, Bizkaian langileen % 24k egin du greba; Araban, % 33k, eta Gipuzkoan, % 26k.
Langile kategorien arabera, jarraipena altuagoa izan da medikuen artean, % 53. Erizainen artean, % 15ekoa izan da jarraipena, eta beste kategorietan, % 23koa.
ELA sindikatuaren arabera, "jarraipena masiboa izan da", hau da, % 60koa. Zentro askotan zenbait kategoriako langileen % 100ek egin du greba, batez ere medikuen, pediatren eta administrarien artean.
ELAko Esther Saavedrarentzat, Osakidetzak proposatutako neurriak ez dira "nahikoak", ez dietelako konponbide "integralik" ekarriko Lehen Arretak dituen arazoei. Horietako batzuk, ordutegien murrizketa kasu, "murriztaileak" dira.
Zentzu berean hitz egin du LABeko Edurne Agirrek. Udara begirako, hau da, "epe motzera begirako" neurriak direla esan du, eta azpimarratu du, LABek egindako ikerketa baten arabera, Lehen Arretak 460 bat lanpostutako LEP bat behar duela.
"Ez dugu soldata igoerarik ez opor gehiagorik eskatzen, prekariotasun egoeran dagoen Lehen Arretarako finantzazioa baizik", laburbildu du Lehen Arreta Arnasberritzen plataformako bozeramaileak. Esan duenez, kategoria guztietan behar dituzte langileak, eta ohartarazi du itxaronaldiak oraindik gehiago luzatuko direla.
CCOOko ordezkari Iñigo Garduñoren arabera, sindikatuek Lehen Arretako ereduaren aldaketa nahi dute, eta Osakidetzak proposatzen duena "ez da nahikoa", ezta oraingo eredurako ere. "Udan zentroak ixtea edo zerbitzuak elkartzea herritarrentzako murrizketak egitea da", laburbildu du.
Osakidetzak "eskua luzatuta" dauka
Osasun Sailak eta Osakidetzak lanuzteak ekar litzakeen eragozpenak deitoratu ditu, eta esan dute "eskua luzatuta" dutela Lehen Arretako arazoak konpontzeko. Zentzu horretan, aste honetatik aurrera sindikatu bakoitzarekin bilerak egingo dituztela esan dute, "beren proposamenak detaile gehiagorekin" aztertzeko.
Behargin guztien mobilizazio eskubideari "erabateko errespetua" agertu diote Osasun Sailak eta Osakidetzak, Lehen Arretako greba begi onez ikusi ez badute ere. Izan ere, haien esanetan, Jaurlaritza ari da dagoeneko neurri jakin batzuk hartzen, "beraz, greba ez dago justifikatuta".
Horren harira, azaldu dute Mahai Sektorialarekin ekainaren 14an egindako bileran Osakidetzak hiru ekintza jarri zituela mahai gainean, udako hilabeteetan osasun-zentroen, kontsultategien eta anbulatorioen antolaketa hobetzeko eta kalitatezko arreta eskaintzeko: bajak lehen egunetik ordezkatzea eta erizaintzako eta administrazioko langileen prestakuntza bermatzea, besteak beste.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa