Ekonomia
Ekonomiaren termometroa
EAEko ekonomiak 2018ko moteltzeari galga jarri zion apirilean
Agentziak | erredakzioa
104ko puntuazioa (100etik gora hazkunde bizia da) lortu du, martxoan baino zazpi hamarren gehiago.
-
Behargin bat lantokian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiak apur bat hobera egin zuen apirilean, aurreko hilabetearekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzak gaur zabaldu duen Ekonomiaren Termometroaren arabera. Hilabete horretan 104ko puntuazioa erdietsi zuen ekonomiak, eta datu horrekin 2018ko moteltzeari galga jarri zitzaiola uste du Jaurlaritzak.
Datuon arabera, industriak eta zerbitzuek egonkortasuneko zantzuak erakutsi zituzten. Lan merkatuari dagokionez, enplegu sorrera oraindik "garrantzitsua da eta langabeziaren jaitsiera bizkortu dela hauteman da.
Termometroak 104ko puntuazioa eman dio EAEko ekonomiari apirilean, aurreko hilabetean baino zazpi hamarren gehiago, baina iazko maiatzean baino 19 puntu gutxiago.
Ekonomiaren Termometroa ekonomiaren egoeraren adierazle bat da. Hiru egoera aurreikusten ditu: atzeraldia (50 puntu baino gutxiago), hazkunde motela (50-100 puntu artean) eta hazkunde bizia (100 puntutik gora). Adierazleen monitorea EAEko Barne Produktu Gordinarekin (BPG) korrelazio handiena duten 15 adierazleekin egina dago. Besteak beste, honakoak hartzen ditu kontuan: industria produkzioaren indizea, etxebizitzen salmenta, txikizkako merkataritza indizea, afiliazioa eta langabezia edo kontratuak.
¿ | #EkonomiarenTermometroa-ren apirileko datuak ezagutu berri ditugu. Ekonomiak hazkunde bizian jarraitzen du. Xehetasun guztiak: https://t.co/twPdavh1GI Euskal BPGarekin korrelaziorik handiena duten 15 aldagaiak biltzen dituen monitore bat da ekonomiaren termometroa. pic.twitter.com/IHQcRt0IX2
— Pedro Azpiazu (@PedroAzpiazu) 24 de mayo de 2019