Itxi

Ekonomia

KPI-AREN DATUAK

Urte arteko inflazioa % 1,7koa izan da EAEn eta % 2,1ekoa Nafarroan, apirilean

Agentziak

Batez ere, Aste Santuko turismoak eragin du prezioen igoera.

  • Turistak Bilbon

    Turismoa Bilbon. Argazkia: Carlos Merino Silva

Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa % 1,7 hazi da apirilean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 2,1 Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera.

Azken hilabetean, inflazioa bi hamarren hazi da EAEn, martxokoa % 1,5ekoa izan baitzen; prezioak, berriz, % 1,0 igo dira.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta ikus daitekeenez, Gipuzkoan urte arteko inflazioa % 1,8 hazi da apirilean. Araban eta Bizkaian, berriz, gutxiago hazi da; % 1,6, hain zuzen ere.

Garraioak (% 4,7), hotel, taberna eta jatetxeak (% 2,4), etxebizitzak (% 2,2), jantziak eta oinetakoak (% 1,2), irakaskuntzak (% 0,8), alkoholdun edariak eta tabakoa (% 0,6), elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 0,4), etxeko gauzak (% 0,4), aisiarenak eta kulturak (% 0,3), medikuntza (% 0,2) eta komunikazioak (% 0,2) gora egin dute.

Nafarroako KPIa

Nafarroan KPIa lau hamarren igo da, % 2,1eraino. Estatuko erkidego inflazionistena izan da Nafarroa.

Prezioek ere lau hamarren gora egin zuten, Estatuko gorakadarik handiena ere (Aragoi eta Errioxarekin batera).

Garraioaren (% 4,4), hotelen, tabernen eta jatetxeen eta etxebizitza sektoreen (% 2,9), medikuntzaren (% 2,3), elikagaien eta alkoholik gabeko edarien (% 1,9), jantzien eta oinetakoen zein irakaskuntzaren (% 1,1), aisiarenak eta kulturaren (% 0,8) prezioak igo dira gehien.

Komunikazioa (% 0,4) sektorean, berriz, behera egin dute prezioek.

Espainiako Estatuan, urte arteko tasa % 1,5 hazi da, martxoan baino bi hamarren gehiago. Batez ere, Aste Santuko turismoak eragin du prezioen igoera.