Ekonomia
EUSKALTEL
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bere parte-hartzea % 16,41etik % 20,94ra igo da. Kutxabank, orain arte akziodun nagusia zena, bigarren postura igaro da akzioen % 19,8rekin.
Euskaltelen egoitza, artxiboko irudi batean. Argazkia: Euskaltel
Zegona funts britainiarra Euskaltel konpainiako akziodun nagusi bihurtu da, % 20,94ko parte-hartzearekin, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak jakinarazi duenez. Bere parte-hartzea % 16,41etik % 20,94ra igo da. Orain arte Kutxabank zen akziodun nagusia Euskaltelen eta orain bigarren postura jaitsi da, % 19,8rekin.
Hasiera batean, Zegonak erosketa eskaintza publiko bat egiteko asmoa azaldu zuen, Euskaltelen zuen parte-hartzea handitzeko. Gerora, ordea, aukera hori baztertu eta akzioak erosteko hautua egin zuen.
Zegonako Akziodunen Batzar Nagusiak 112,8 milioi euroko kapital handitzea onartu zuen iragan otsailean, aho batez, Euskalteleko akzioak erosteko. Azkenean, apirilaren 3an lortu zuen lehen akziodun izatea, % 20,94arekin.
% 20ko langa gainditu duenez, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bere parte-hartzeari buruzko datuak jakinarazteko betebeharra du. Aurreko jakinarazpenean, % 16,4ko parte-hartzea zuen.
Sustraitzea ez galtzea eta lan-egonkortasun mantentzea
Akzio-gehiengodun enpresa berriak aldaketa handirik ez egitea eta, horrenbestez, Euskaltelek EAEn duen sustraitzean, zein erkidegoaren garapen ekonomikoan, eraginik ez izatea espero du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Bestalde, Erkorekaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ez du "berehalako ekimenik" abiatuko, eta eragiketaren nondik norakoak ezagutzera itxarongo du Jaurlaritzak, hori baita "zuhurrena, egokiena eta zuzena".
Zegona funts britainiarrak Euskaltelen kontrola bereganatzea ahalbidetu izana egotzi die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Kutxabanki
EH Bilduk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxabankek "mugimendu ezak" Euskaltel bezalako enpresa "estrategiko" bat, diru publikoarekin sortu zena, funts britainiar baten eskuetara pasatzea ahalbidetu du.
Koalizioak iragarri duenez, "erantzukizun politikoak" eskatuko ditu eta neurriak jarriko ditu mahai gainean "egoera hau bideratzeko eta Euskaltelek euskal enpresa bat izaten jarraitzeko".
EH Bilduren iritziz, Euskaltelek bere izaerari eusteko eta haren gaineko kontrola Euskal Herrian mantendu ahal izateko, "behar-beharrezkoa da Jaurlaritzak akzioak berriz erostea eta Kutxabankek konpainian jada duen parte-hartzea handitzea".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa