10:44

Ekonomia

Sestaoko ontziola

Alexia ontzia amaitzea lehentasuna izatea adostu dute La Navaleko langileek

EITB.EUS

Juanjo Llorden La Navaleko enpresa batzordeko idazkariak ziurtatu du Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztuko dutela, baldin eta gobernuek enpresa "salbatzeko" "keinurik" egiten ez badute.

  • La Navaleko langileen manifestazioa Bilbon

    La Navaleko langileen manifestazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sestaoko La Navaleko enpresa batzordeak langile guztiei eragiten dien kaleratze autoa jaso zuen atzo. Autoak otsailaren 28ko data du, eta ontziolako 173 beharginei eragiten die. Albiste horren ondotik, langileek batzarra egin dute 09:00etan eta 11:30ean manifestazioan atera dira Bilboko kaleetan barrena.

Iragarritako albistea izanagatik ere, langileak "lur jota" eta "triste" daudela onartu du Alberto Vazquez La Navaleko lan batzordeko kideak ETBko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.

Goizean egindako bileran, orain egin beharreko izapideez gain, hemendik aurrerako mobilizazioak izan dituzte hizpide.

Ontziolarentzako irtenbide onena zein litzatekeen galdetuta, Sestaon lan egiten jarraitu nahi dutela aldarrikatu du: "Badago erdi egitear dagoen itsasontzi bat (Alexia draga) eta hori bukatzeko 1.000 langile egongo lirateke lanean 20 hilabetez". 173 beharginetatik 150ek Navantia ontziola talde publikora joateko aukera dute. Vazquezen esanetan, irtenbide zuzena Navantian sartzea, baina aipaturiko itsasontzia Sestaoko ontziolan amaitzea litzateke.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zuzendu zaie, aktiboak erosteko. Langile batzordeko kideak azpimarratu duenez, Europak aktiboak erostea baimentzen du, ez ditu diru-laguntza gisa hartzen: "Europak ez dio horri ezetz esan". Itxaropentsu mintzatu bada ere, horretarako Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren aldetik inplikazioa eta borondate politikoa ezinbestekoak direla adierazi du.

Are gehiago, Alexia draga amaitu ahal izateko negoziazioen ekimena hartzeko eskatu die enpresa batzordeak bi gobernuei.

Martxoaren 15ean Espainiako Industria ministroarekin batzartuko dira lantegiaren egoeraz, orokorrean, hitz egiteko. Iragarri duenez, bilera horretan langileek esango diote Europak baimentzen duela aktiboak erostea (itsasontziarenak edo lantegiarenak) eta borondate politikoa eskatuko diete ontziola salbatzeko.

Mobilizazioei dagokienez, langileek elkarretaratzea egingo dute asteazkenean Bilboko Plaza Berrian, Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuko presidentearen bisita tarteko. Halaber, martxoaren 7an manifestazioa egingo dute Sestaon, 18:00etatik aurrera.


Juanjo Llorden La Navaleko enpresa batzordeko idazkariak, bestalde, ziurtatu du Euskadiko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztuko dutela, baldin eta Jaurlaritzak edota Espainiako Gobernuak enpresa "salbatzeko" "keinurik" egiten ez badute.

Goizean, Sestaon bildu dira ontziolako langileak, eta ondoren manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzatik hasita eta Eusko Jaurlaritzak Bizkaia plazan dituen bulegoetaraino.

Bilboko Merkataritza Arloko Epaitegiaren 2. zenbakiak La Navaleko beharginen kaleratze autoa aurkeztu zuen atzo. Horren bitartez, 173 langileen kaleratzea onartu zuen. Alabaina, 150 langilek Navantia talde publikoan lan egiteko aukera izango dute aurrerantzean.

Bien bitartean, kaleratze oharra jasotzen duten unetik, 5 eguneko epea dute helegitea jarriko duten ala ez jakinarazteko. Hortik aurrera, 20 eguneko epean, Euskadiko Auzitegi Nagusian aurkeztuko beharko dute helegitea.

"Kaleratzeak auzitara eramatea ez da kapritxoa, ontziola defendatzeko langileok dugun arma da. Ez badugu keinurik ikusten, auzitegietara joko dugu bai ala bai, edozein momentutan atzera egin dezakegulako. Inbertsoreekin edota gobernuekin hitz egiteko aukera badugu, berehala kendu dezakegu helegitea", argitu du Llordenek kazetarien aurrean egindako agerraldian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena