Ekonomia
Sestaoko ontziola
EITB.EUS
Goizeko bileraren helburua da, besteak beste, aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioei buruz erabakitzea. Gaur bertan, 173 beharginen kaleratzea salatzeko manifestazioa, Bilbon.
La Navaleko langileen manifestazioa. EFEren artxiboko irudia
Albisteak (4)
Sestaoko La Navaleko enpresa batzordeak langile guztiei eragiten dien kaleratze autoa jaso zuten astelehenean. Ontziola likidazio fasean dago 2018ko irailetik. Horren aurrean, etorkizun hurbilera begira emango dituzte urratsei buruz erabakitzeko bildu dira 09:00etan, eta 11:30ean protesta egingo dute Bilbon. Moyua plazan Gobernu Zibilak duen egoitzan bilduko dira, ordu horretan, SPRIra arte manifestazioa egiteko.
Esan bezala, 173 langilerengan du eragina ebazpenak, horiek guztien kaleratzea onartu baitu ofizialki epaileak, legeak agintzen dituen kalte-ordainekin (gehienez hamabi urtekoa eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldata).
Horri buruz ari dira eztabaidatzen, hain zuzen, goizeko lehenengo ordutik. Halaber, gaurtik aurrera egingo dituzten mobilizazioak ari dira erabakitzen.
Beharginek azaroan kobratu zuten azken nomina. Ondoren, konkurtsoko administratzailearekin itxierako lan erregulazio espedienteaz jardun zuten, eta negoziazio prozesua akordiorik gabe amaitu zen. Epaileak zuen, beraz, azken hitza, eta atzo Sestaoko ontziolaren langileriaren kaleratzearen berri eman zien, azkenik.
Orain, ebazpenari helegitea aurkeztu ala ez erabaki beharko dute beharginek. Hori eginez gero, gutxienez zazpi hilabetez etengo lukete prozesua, alegia, lanpostua Navantian ziurtatuta duten langileek ezingo lukete oraingoz lanik egin, eta inbertsoreek ezingo lukete lantegia erosi.
Langileek kaleratze autoa jaso zuten atzo
Bilboko Merkataritza-arloko 2. Epaitegiak kaleratzeen autoa igorri zien atzo langile guztiei. “Ekonomia eta ekoizpen arrazoiek ontziolako kontratuak deuseztatzea justifikatzen dute”, ziurtatu du epaileak; izan ere, 208 milioi euroko galerak pilatu ditu 2013tik.
Konkurtsoko Administrazioak bildutako datuek ekonomia eta ekoizpen arrazoiak agerian utzi dituztela azaldu du kaleratze autoak, eta Lan-agintaritzak berretsi du.
Konkretuki, Lan-agintaritzaren hitzetan, “enpresak argudiatutako ekonomia eta ekoizpen arrazoiak egiaztatu dira, eta 174 beharginen kaleratze kolektiboaren neurria zuzenbidezkoa da”.
Galerak
Era berean, Lan-agintaritzak Lan Ikuskaritzarekin bat egin du itxieraren zergatietan: “2016an eta 2017an pilatutako diru galerek utzitako egoerak egun jarraitzen du, Navalen porrot ekonomikoari buelta ematea ezinezkoa delarik; langileei ezin ordaindu, enpresa berriz kapitalizatzeko inbertitzaile falta eta jarduera gelditzea, Van Oord Ship Management BV Herbehereetako armadoreak NB347 ontzia eraikitzen jarraitzeari uko egin ondoren”.
Gainera, enpresak aldez aurretik lan-erregulazioko lau espediente aurkeztu zituela gogorarazi du epaileak autoan, baldintza Herbehereetako armadoreak NB347 ontzia eraikitzen jarraitzea zelarik, baina “inbertitzaile berri bat agertu bitartean aukera hori baztertu du”.
2013an 142.284 euro, 12,1 milioi (2014), 15,7 milioi (2015), 79,5 milioi (2016), 37,9 milioi (2017) eta 63,4 milioiko (2018 behin-behineko datuak) galerak frogatutzat jo ditu ebazpenak.
Bilera Industria Ministerioan
Bestalde, Navaleko enpresa-batzordea Reyes Maroto Industria ministroarekin bilduko da martxoaren 15ean, Madrilen. Enpresa-batzordeko iturriek azaldu dutenez, ministroarekin biltzeko baieztapena jaso dute langileen ordezkariek. Batzarra 16:00etan izango da, Industria Ministerioan.
ELA sindikatuaren ahotan, Eusko Jaurlaritza kaleratzeen “arduraduna” da, espedientea onetsi eta ontziolan inbertitu ez duelako.
Azkenik, Navaleko kaleratzeen aurrean “eskuak garbitzea” leporatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, ontziolako “beharginak abandonatu dituelako”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa