Ekonomia
Osakidetzako azterketak
Agentziak | Erredakzioa
Anestesiologia, Angiologia eta Digestiboko probetan izandako ustezko irregulartasunak hiru zerbitzubururi leporatu dizkie.
Osakidetzako lan eskaintza publikoaren azterketa. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Osakidetzako azterketetan hiru espezialitateetan izandako filtrazioen ustezko arduradunak hiru mediku direla uste du EAEko Fiskaltza Nagusiak. Horrela, inputatu gisa galdekatzeko eskatu dio epaitegiari, sekretuak zabaltzea egotzita.
Zenbait sindikatuk salaketa aurkeztu ondotik, Fiskaltza Nagusiak ikerbidea hasi zuen Osakidetzako lan-eskaintza publikoaren 19 espezialitatetan irregulartasunak izan ote ziren ikertzeko.
Fiskaltzak ikerketa bukatu berri du orain, eta bi idatzitan, Anestesiologia, Angiologia eta Digestiboko probetan izandako ustezko irregulartasunak hiru zerbitzubururi leporatu dizkie.
Espezialitate bakoitzeko galderak idatzi zituzten, eta hiru kasuetan beraiekin lanean ari ziren hautagaiek atera zituzten azterketetan nota onenak.
Medikuek konfidentzialtasun kontratu bat zuten, baina Fiskaltzak hiru espezialitateetan filtrazio zantzuak ikusi ditu.
Lehenengo kasuan, Anestesiologian, azterketetan aurreneko lau tokietan sailkatu zirenetatik hiruk Txagorritxun lan egiten zuten. Inputatua bertan da zerbitzuburua.
Beste bi kasuetan antzeko zerbait gertatzen da. Angiologian, Basurtuko oposiziogileek lortu zituzten emaitzarik onenak, eta bigarren ikertuak bertan egiten zuen lan. Digestiboan, Galdakaoko ospitaleko lau hautagaik erdietsi zituzten notarik onenak, eta azken zerbitzuburuak bertan lan egiten du.
Epaimahaietako beste kide batzuek emaitza horien berri izan zutenean euren artean tirabirak izan zirela jasotzen du Fiskaltzaren idatziak. Adibidez, Anestesiologiaren kasuan, “lehen azterketako emaitzaren berri izan ondoren, epaimahaia desegin eta alde egin zuten kideek, oso urduri emaitza ikusita; izan ere, hautagaien % 11k bakarrik gainditu zuen, eta nota oso altuekin”.
Gainera, Fiskaltzak delitu zantzuak ikusi ditu beste espezialitate batzuetan, baina eginbide gehiago aurrera eramateko eskatu du erantzukizunak zehaztu ahal izateko.
Horretarako, hamar mediku gehiago lekuko gisa deklaratzera deitzeko eskatu du Fiskaltzak, beste zortzi espezialitateren azterketak ikertzeko: Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kardiobaskular.
Epaimahaietako beste kide batzuen inguruko susmoak errepikatzen dira zortzi espezialitateetan.
Azkenik, Osakidetzako hiru buruzagi galdekatzea eskatu du Fiskaltzak: Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendari ohia, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arcelay Osasun Arretako zuzendaria. Hala ere, epaitegiaren esku uzten du lekuko edo ikertu bezala galdekatzea.
Are gehiago, deklaratzen azkenak izatea gomendatzen du, aldez aurretiko eginbideek lekuko edo inputatu diren zehazteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa