Itxi

Ekonomia

Naval ontziolaren itxiera

Naval ontziolako langileak kaleratzearen aurka agertu dira Ezkerraldeko alkateak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Langile batzordeak eta eskualdeko alkateek manifestazioa deitu dute datorren ostegunerako. Mobilizazioa Sestaon hasi eta Santurtzin amaituko da.

  • Naval ontziolaren aldeko manifestazio bat Sestaon.

    Naval ontziolaren aldeko manifestazio bat Sestaon. Artxiboko argazkia: EFE

Sestaoko Navalen lanpostuak suntsitzeko lan-erregulazio espedientearen aurka agertu dira Ezkerraldeko alkateak, eta ontziolaren defentsan datorren ostegunean antolatu duten manifestazioa parte hartzeko deia egin dute.

Eskualdeko alkateek adierazpen bateratua egin dute gaur, ontziolaren itxiera salatuz eta langile guztiei beren babesa helaraziz. Agiria langile batzordeko bozeramaileek irakurri dute, ondoan Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko alkateak zituztela.

Naval "ontziola bideragarria" eta "goi-mailako ontziak" egiteko ahalmena baduela azpimarratu dute, hamabost egunetan behargin guztiak kalean egon daitezkeela ohartarazita.

Gauzak horrela, langileen batzordeak eta lau alkateek modu bateratuan datorren ostegunerako deitu duten manifestazioan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.

Martxan 18:00etan abiatuko da Sestaotik, eta Santurtzin amaituko da, Portugaletetik igaro ostean.

Bilerak talde parlamentarioekin

Bestalde, Juanjo Llorden langileen batzordeko idazkariak azaldu duenez, otsailaren 6an beharginak Madrilera joango dira eta Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, Reyes Maroto Industria ministroak agerraldia egingo duela baliatuta.

Goizean, langileen batzordeko kideak talde parlamentarioekin guztiekin biltzea eskatu dute. Oraingoz, Unidos Podemos, PP eta Talde Mistoarekin batzartuko direla baieztatu dute.

Espainiako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, federazioekin eta sindikatuekin osatutako negoziazio mahai bat ahalik eta azkarren martxan jartzea galdegingo dute.

Bestalde, otsailaren 12an Kongresuaren aurrean Ezkerraldeko alkateek babestuta egin behar zuten mobilizazioa bertan behera uztea erabaki dute, egun horretan Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketa hasiko delako eta, ondorioz, beren ekimenak ikusgarritasunik izango ez lukeela iritzita.