Ekonomia
Eustatek emandako datuak
EAEko BPGa % 2,8 hazi zen 2018an, eta enplegua % 2,1
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, iaz 19.000 lanpostu berri sortu zituzten, 2018ko laugarren hiruhilekoari dagozkion kontuek erakusten dutenez.
-
Enplegua % 2,1 hazi da EAEn 2018an. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina % 2,8 hazi zen 2018an, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago. Horrenbestez, ekitaldi horretarako Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak egindako azken aurreikuspena bete da.
Enpleguari dagokionez, 19.000 lanpostu berri sortu zituzten, 2017an baino % 2,1 gehiago, Eustat Euskal Estatistika Agentziak, laugarren hiruhilekoko datuak kontuan izanda, emandako informazioaren arabera.
Hain zuzen ere, hiruhileko horretan % 2,4koa izan zen BGParen hazkundea. Hirugarren hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago hazi zen, beraz, Barne Produktu Gordina.
Enplegua
Lanaldi osoko lanpostuei erreparatuta, % 2,1 igo zen enplegu tasa 2018an. Horrek esan nahi du 19.000 lanpostu berri sortu zituztela.
Bereziki, eraikuntzaren sektoreak eta lehen sektoreak izandako gorakadei esker hazi da hainbeste enplegua. Zerbitzuen sektoreak ere gora egin du, baina modu apalagoan.
Aitzitik, aurreko hiruhilekoetako joerari eutsi dio industriak, alegia, dezelerazioa areagotu da sektore horretan, Eustaten datuek erakusten dutenez.
Aurreko urteko hiruhilekoarekin alderatuta, enplegua % 1,9 hazi da.
Azpiazuren ustez, 'brexit'ak eta Txinako eta Europako geldotzeek eragina izango dute euskal ekonomian
Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak ohartarazi duenez, euskal ekonomiaren hazkundea gorabehera, "ziur asko" nazioarteko egoerak "ziurgabetasuna eta arriskua" ekar lezake Euskadira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak onartu du "ezin dela baztertu" hazkundea aurreikusitakoa baino baxuagoa izatea. Gaur-gaurkoz Barne Produktu Gordina % 2,3 haziko dela aurreikusi dute.
Gainera, "industriak izandako galerak" izan ditu hizpide. Azpiazuren hitzetan, "hozte" horren arrazoi nagusienetakoa da automobilgintza "pixkanaka" ari dela emisio kutsakorren araudi berrira egokitzen. Ildo horretan, gogora ekarri du araudi horrek euskal enpresa handietan izango duela eragina.