09:44

Ekonomia

EPA inkesta

Hego Euskal Herrian 7.800 langabe gutxiago zenbatu zituzten 2018an

Agentziak | Erredakzioa

Langabezia-tasa % 9,58koa da EAEn, eta % 9,99koa, Nafarroan. Estatuko tasarik txikienak dira honakoak. Gaindegiak egindako kalkuluen arabera, Euskal Herriko tasa % 9,44koa da.

  • Emakumezko behargin bat bere lantokian

    Emakumezko behargin bat bere lantokian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Langabeziak behera egin zuen iaz Hego Euskal Herrian. Hala jasotzen du gaur Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestak (EPA, gaztelerazko sigletan). Zehazki, 7.800 langabe gutxiago zenbatu zituzten: guztira, 130.000 pertsona zeuden lan barik. Hartara, langabezia-tasa % 9,58koa da EAEn, eta % 9,99koa, Nafarroan. Euskal Herrian langabezia-tasa % 9,44an dago, Gaindegiak INEren datuekin egin duen kalkuluaren arabera.

Jaitsiera orokorra gorabehera, Nafarroan igo egin zen langabezia iaz (1.800 langabe gehiago zenbatuta): 2017arekin alderatuta % 5,9ko igoera, eta % 4,37koa, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. EAEn, berriz, % 8,91 jaitsi zen langabezia, betiere aurreko urtearekin konparatuta (9.600 langabe gutxiago). 2017ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 2,93 egin du behera.

Lurraldeka, Arabak du langabezia-tasa txikiena (7,39 %), segidan Gipuzkoa ageri da (% 7,56), ondoren Nafarroa (% 9,99), eta Bizkaia azkenik (% 11,47). Jarduera-tasari dagokionez, Nafarroan dugu tasa handiena (% 59,33 %), eta hurrenkeran datoz Araba (% 58,73), Bizkaia (% 56,22) eta Gipuzkoa (% 55,73).

Okupazioak, gora

Enpleguari dagokionez, okupazioak gora egin zuen 2018an: 19.400 landun gehiago zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian (guztira, 1.215.400 langile). EAEn 14.800 okupatu gehiago erregistratu zituzten (% 1,61eko igoera eta % 56,36ko jarduera-tasa). Nafarroan 4.600 landun berri zenbatu zituzten (% 1,66ko hazkundea).

Espainiako Estatuan ere hazi egin zen okupazioa (566.200 landun gehiago) eta 2006tik erdiesten ez zen marka batera heldu ziren: 19,56 milioi landun. Bestalde, 462.400 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 14,45eko tasa); igoera gorabehera, 2008tik lortutako zifrarik onena izan zen honakoa.

Bestalde, Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen presidenteordeak enplegu-tasaren "gutxiespenari" egotzi dio langabeziak Nafarroan gora egin izanak.




Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena