Ekonomia
N-I eta A-15
Agentziak | Erredakzioa
2018ko apirilaren 9an EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka kasazio helegiteak aurkeztu zituzten Gipuzkoako Aldundiak eta Batzar Nagusiek.
ETBren bideo batetik ateratako irudia.
N-1ean eta A-15ean garraiolarientzako bidesariak baliogabe utzi zituen epaiaren kontrako helegiteak tramitera onartu ditu Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak. 2018ko apirilaren 9an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) hartutako erabakiaren aurka kasazio helegiteak aurkeztu zituzten Gipuzkoako Aldundiak eta Batzar Nagusiek.
Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, Gipuzkoako irteera eta sarrera tarteei zerga handiagoa ezarri zieten, baita 12 tona baino gehiagoko ibilgailuei ere. “Garraio operazioaren jatorri edo norakoagatik zeharkako diskriminaziorik dagoen ala ez” argitzea beharrezkoa dela uste du Gorenak, “kasazio interes objektiboa” duela, alegia, Lasak azpimarratu duenez.
Errekurtsoa garatzeko 30 eguneko epea dutela erantsi du Lasak, edukia eta argudio nagusiak aurkezteko. “Erabakiaren balorazio positiboa egiten dugu, bere garaian aurkeztu genuen helegiteak ibilbidea duelako, eta Gorenak gaiaren inguruan ebaztea erabaki duelako”, gaineratu du bozeramaileak.
Lasaren hitzetan, “tramite prozesal garrantzitsu bat gainditu dugu”. Gipuzkoan ezarritako bidesari ereduan “inolako bazterkeriarik ez” dagoela defendatu du bozeramaileak. “Hilabeteetan, ordainlekuetan jasotako datuek horrela demostratzen dute, horietan oinarrituko dugu errekurtsoa”, iragarri du.
Zentzu horretan, kamioiei kobratzeko AT sistema “diskriminatzailea ez” dela errepikatu du Lasak; izan ere, “Andoaingo ordainlekutik igarotzen diren garraiolarien % 70 ez dira gipuzkoarrak, EAEANren epaiak azaldutakoaren aurka”. “Horrela defendatuko dugu Gorenean, gure zerbitzu juridikoekin”, nabarmendu du.
Ibilgailu astunentzako bidesaria “gipuzkoarren interes orokorraren mesedetan” dela uste du bozeramaileak. “Errepideak erabiltzen dituztenek (egunean 30.000 kamioi baino gehiago, gehienak atzerritarrak) errepide sarearen hobekuntzan eta mantentze-lanetan lagundu behar dute”, adierazi du.
“Zentzuzko kontu bat da, mundu guztiak ulertzen duena”, esan du Imanol Lasak. Bozeramailearen ahotan, “bidesaria Europako Batzordearen berme juridiko eta teknikoarekin ezarri genuen, eta gainera, Batzar Nagusietan adostasun politikoa dago aspalditik; honenbestez, Europaren eta Batzar Nagusien agindua bete behar dugu”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa