23:59

Ekonomia

Abiadura Handiko Trena

AHTa 2023an martxan egoteko konpromisoa berretsi du Sustapen ministroak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak asteartean esan du "zaila" izango dela AHTaren lanak EAEn 2023rako amaituta egotea, eta adierazpen horrek Eusko Jaurlaritzaren haserrea eragin du.

  • Jose Luis Abalos eta Idoia Mendia Gasteizen.

    Jose Luis Abalos eta Idoia Mendia Gasteizen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak asteartean Abiadura Handiko Trenari buruz esandakoak hautsak harrotu ditu, AHTaren lanak EAEn 2023rako amaituta egotea "zaila" izango dela esan baitu.

Gaur, Jose Luis Abalos Sustapen ministroak haren hitzak zuzendu ditu, eta Espainiako Gobernuaren konpromisoa 'Euskal Y'a 2023an martxan egotea dela berretsi du.

Abalos Gasteizen egon da arratsaldean, Arabako Alderdi Sozialistako zuzendaritzarekin biltzeko, eta hor egin ditu adierazpenok. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere bertan izan da.

Ministroak onartu egin du 'Euskal Y'a Burgosko zatiarekin lotzeko tartean arazoak daudela, baina hasi direla "bideratzen" eta 2023ko datari eusten diotela gaineratu du.

Ildo horretan, ostegun honetan Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek batzarra egingo dutela eta AHTa Gasteizen lurpetik sartzeko proiektua aurkeztuko dutela gogoratu du Abalosek.

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak kritikatu egin ditu Lozaren hitzak, eta esan du AHTa 2023rako martxan ez badago Espainiako Gobernuaren ardura izango dela, aurreikusitako inbertsioak ez betetzeagatik.

Tapiak adierazi du ostegun honetan hitz egingo duela Abalosekin, baina, gaur esan duena aintzat hartuta, "Sustapen Ministerioak epeak betetzeko asmoari eutsi dio", erantsi du.

"Konpromisoak hartuta daude, epeak zorrotzak direla badakigu, baina orain guztioi gogor lan egitea dagokigu", azpimarratu du sailburuak.

Idoia Mendia PSE-EEko buruzagiak Tapiari gogoratu dio bere garaian Mariano Rajoyren Gobernuak aurreikusi zuela AHTa Euskadin 2023an amaituta egotea zaila izango zela.

Halaber, azpiegitura horri bultzada, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, PSOEren Gobernuak eman diola esan du.

"Abiadura Handiko Trenarekin erabateko konpromisoa dugu PSE-EEk, PSOEk, Espainiako Gobernuak, Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak", azaldu du Mendiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena