Ekonomia
2019ko Estatuko Aurrekontuak
Agentziak
Ogasun ministroak aurrekontu proiektua eraman du Kongresura, tramitazioa hasi ahal izateko. Gaur gaurkoz ez dauka kontuak onartzeko behar besteko babesik eta lehen bozketa otsailaren 13rako espero da.
Sanchezek hauteskundeak aurreratzea behartu lezake Aurrekontuen bozketa galtzeak. Irudia: EFE
2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak Diputatuen Kongresura heldu dira gaur, astelehena. Tramite honek berebiziko garrantzia du Pedro Sanchezentzat, ez onartzeak hauteskunde orokorrak aurreratzea ekar lezakeelako. Gaur gaurkoz, ez dauka kontuak onartzeko behar besteko babesik eta lehen bozketa otsailaren 13rako espero da.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu ditu aurrekontu proiektuaren nondik norakoak Diputatuen Kongresuan. 227.356 milioi euro biltzea aurreikusten dute kontuek, 2018an baino % 9,5 gehiago.
Inbertsioak, Euskal Herrian
Estatuko Aurrekontuen proiektuak EAErako inbertsio gastua % 7,8 jaistea aurreikusten du; 2018an 509,05 milioi bideratu ziren Gipuzkoara, Bizkaira eta Arabara, eta urte honetarako proiektuak 469,37 milioi jasotzen ditu hiru lurraldeotarako. Nafarroan, berriz, % 92 gehituko litzateke inbertsioetarako kopurua; iaz 54,44 milioi bideratu ziren Foru Erkidegora, eta lanurte honetarako 108,51 daude aurreikusita Sanchezek mahai gainean jarri dituen kontuetan.
Kopuru horien arabera, EAEk inbertsiotarako kopuru osoaren % 3,9 hartuko luke (iaz, %5), eta Foru Erkidegoak % 0,9 (iaz, %0,6).
Kataluniara, diru gehiago
Inbertsioetarako diru-poltsatik 2.051 milioi euro bideratu nahi ditu PSOEren Exekutiboak Kataluniara. Kopuru osoaren % 16,8 da hori, iaz baino % 52 gehiago (700 milioi euro gehiago).
Sanchez Aurrekontuak onartzeko babes bila dabilen honetan, nabarmen egingo du gora, beraz, Kataluniarako aurreikusitako gastuak.
Genero indarkeria
Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunean jasotakoa betetzeko programetara 220 milioi euro aurreikusi dira proiektuan, eta Emakumeen Instituturako 26,5 milioi euro, iaz baino % 33 gehiago.
Bestalde, lan arloan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko politiketan aurreko urtean baino diru gehiago inbertitu nahi dute sozialistek. Besteak beste, aitatasun baimenak zortzi astera luzatzeko, 825 milioi euroko partida jarriko dute.
Gastu soziala
Aurrekontu proiektuaren arabera, gastu sozialera 209.510 milioi euro bideratuko dira, Aurrekontuen % 57,3. Halaber, 2018an baino 12.599 milioi euro gehiago izango dira gastu sozialerako. 100 eurotik 42,1 pentsioetara bideratuko dira.
Gastu sozialeko igoera 2009tik egindako handiena da, Ogasunaren arabera. Horren arabera, pentsio orokorrak % 1,6 igoko dira eta % 3, ostera, gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak. Halaber, errenta baxuenak dituzten pentsiodunei botiken koordainketa kenduko zaie.
Estatuak 15.164 milioi euroko ekarpena egingo dio Gizarte Segurantzari, pentsioak ordaintzen jarraitu ahal izateko. 2018an ere ekarpen bera egin zion.
Dependentzia alorrean ere igoerak izango dira. Zehazki, "Autonomia Persona" eta "Atencion a la Dependencia" programetan 831 milioi euroko hazkundea izango da.
"Pertsonak erdigunean jarriko dituzte" Aurrekontuek, "errenta erdiak eta baxuak babesten dituzten" neurriekin eta 20.962 milioi euroko igoerarekin oinarrizko zerbitzu publikoetan.
Defizit publikoa BPGren % 1,3ra heltzeko konpromisoa dute, gainera.
Bestalde, Gobernu sozialistak areagotu egin ditu Kataluniarako aurreikusitako inbertsioak. Iazko kontuekin alderatuta, % 3,5ekoa izango da igoera.
Beharrezko babesen bila
Nazionalistek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituztela ziurtzat ez jotzeko aholkatu dio Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuari. Are, Estebanek ez du baztertzen aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea, eta lehenengo bozketan Espainiako Gobernuaren egitasmoa atzera botatzea.
EH Bilduk ohartarazi duenez ere, ez dio Pedro Sanchezen Gobernuari "txeke zuririk" emango 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko. Gobernu sozialistak koalizio subiranistaren laguntza lortu nahi badu, "hitz egitera eseri eta dirua zertarako nahi duen esan beharko digu".
ERCko parlamentari Joan Tardak azpimarratu duenez, Gobernuak zerbait erakutsi behar du, keinuren bat egin behar du ikuspuntu juridikotik zein politikotik. PDeCATek, gainera, autodeterminazioaren eskubidea onartzea eskatzen du aldeko bozka emateko.
Aurrekontuen tramitean hiru momentu garrantzitsu izango dira: osoko zuzenketen eztabaida (otsailaren 11ko astean), zuzenketa partzialen eztabaida Aurrekontuen Batzordean (martxoaren hasieran) eta bozketa Kongresuan (martxoaren erdialdean edo amaieran).
Kongresuan onartzen badituzte, apirilean helduko dira Senatura. Bertan, PPk atzera botako ditu, baina, gero, beto hori altxatzeko ahalmena dauka Kongresuak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa