00:34

Ekonomia

Aurrekontuak 2019

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua erretiratuko duela iragarri du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñigo Urkulluren Gobernuak amaitutzat eman du EH Bildurekin zuen negoziazioa eta gaur goizean ezohiko bilera egingo du aurrekontu proiektua erretiratzeko.

  • Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu Eusko Legebiltzarrean.

    Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak bukatutzat eman du EH Bildurekin abiarazi zuen negoziazioa, eta 2019rako aurrekontu proiektua erretiratu egingo duela iragarri du gauerdian.

Ostegun honetan, goizean goiz, ezohiko gobernu-bilera egingo dute egitasmoa erretiratzeko.

Azken asteotan, Jaurlaritza eta EH Bildu harremanetan izan dira, aurrekontuak adosteko asmoz. Koalizio soberanistak, besteak beste, pentsioak handitzea jarri zuen baldintza moduan eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez hori nola egin zitekeen eztabaidatzen aritu dira azken egunotan.

Alabaina, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak ultimatuma eman zion EH Bilduri: asteazkenean, gauerdia baino lehen, akordiorik ezean, aurrekontu proiektua erretiratuko zutela agindu zuen, eta hala izango dela baieztatu du orain Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, "EH Bilduren talde parlamentarioak ez dio gure azken eskaintzari erantzunik eman". Hortaz, "proiektua erretiratu egingo dugu eta aurtengo aurrekontuak luzatuta jarraituko dugu lanean euskal gizartearen beharrizanei erantzuteko", zehaztu du.

Aurrekontu proiektua atzera botatzeko Jaurlaritzaren ezohiko bilera 08:00etan izango da. Horrela, Legebiltzarrean gaur goizean aipatu egitasmoari zuzenketa partzialak aurkezteko egitekoa zen saioa bertan behera geratu da.

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernuak ez du gehiengoa Legebiltzarrean, eta, ondorioz, gutxienez oposizioko talde baten abstentzioa behar zuen bere proiektua onartzeko.

Elkarrekin Podemosek eta Alderdi Popularrak osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, eta Jaurlaritzaren aukera bakarra EH Bildurekin ituna egitea zen. Negoziazioak porrot eginda, baina, 2018ko aurrekontuak luzatuko ditu Jaurlaritzak.

Azken bi urteetan, PPren abstentzioari esker onartu ahal izan ditu aurrekontuak Iñigo Urkulluren gobernuak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena