Ekonomia
Aurrekontuak
EiTB.EUS
Ogasun eta Ekonomia sailburuak gauerdira arteko epea eman dio koalizio abertzaleari. Aurrekontuek osoko zuzenketen eztabaida igaro zuten atzo, EH Bilduren bi legebiltzarkide abstenitu egin zirelako.
Abenduaren 12ko 24:00ak baino lehen EH Bildurekin aurrekontuen inguruko akordiorik lortzen ez badu, Eusko Jaurlaritzak 2019ko lege-proiektua erretiratuko duela iragarri zuen atzo, asteartean, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak.
Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzeko eta bozkatzeko atzo Eusko Legebiltzarrean egin zuten bilkuran egin zuen iragarpena Azpiazuk. Ultimatum horrek bereganatu du arreta guztia, eta zuzenketen eztabaida eta bozketa bigarren maila batean geratu ziren. Dena dela, atzoko izapidea gainditu dute 2019ko kontuek, EH Bilduren bi legebiltzarkidek zuri bozkatu baitzuten. Hala, Jaurlaritzak proiektua erretiratu ezean, aurrera jarraituko du egitasmoak.
Azpiazuk koalizio abertzaleari egindako azken proposamena defendatu eta akordioa lortzeko epemuga jarri zuen: asteazken gauerdia. Sailburuaren esanetan, EH Bilduren negoziatzeko borondatea "lausotzen" joan da egunek aurrera egin ahala, eta, horren aurrean, Jaurlaritzak "zentzuzko eskaintza betegarriak" egin ditu.
"Jaurlaritzaren behin betiko eskaintza da honakoa", erantsi du Azpiazuk, eta dei egin dio EH Bilduri zirt edo zart egiteko.
Asteazkena amaitu baino lehen akordiorik ez badago, Jaurlaritzak aparteko gobernu bilera deituko du ostegunean proiektua erretiratzeko. Aurrekontuen Batzordea egun horretan, 09:00etan, da biltzekoa zuzenketa partzialak eztabaidatzeko. Beraz, bilera hori hasi baino lehen egin beharko luke atzera Jaurlaritzak.
Proiektua erretiratu ezean, Jaurlaritza beldur da oposizioak ez ote dituen indarrak batuko Urkulluren Gobernuaren egitasmoa aldatzeko, hilaren 13tik aurrera. "Gobernuak aurrekontuen inguruko kontrola galduko luke, eta hori ezingo genuke onartu", azaldu du Azpiazuk.
Iriarte, bilkura jarraitzen. Argazkia: EFE
Ultimatuma gorabehera, "eskua luzatuta" dutela erantzun dio Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Azpiazuri. "Zeuen buruari jarri diezue ultimatuma. Gure akordioaren edukiak ezagutzen dituzue. Zuen esku dago", esan du.
Osoko zuzenketen bozketa
Eusko Legebiltzarrak Elkarrekin Podemosen eta PPren osoko zuzenketak baztertu eta proiektua Jaurlaritzari itzultzea errefusatu du. Kontrako 37 boto izan dira (EAJ eta PSE-EE alderdienak), aldeko beste 36 (Elkarrekin Podemos eta PP alderdienak eta EH Bilduren 16) eta bi boto zuri.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen hitzetan, aurrekontu horiek "jende arruntari kea saltzeko" egin dituzte, EAJren politika "neoliberal eta antisozialak" biltzen dituztelako, eta ez dituztelako gizartearen arazoak konpontzen.
Anton Damboreneak (PP) deia egin dio EAJri ezker abertzalearekin dituen akordioak "bertan behera uzteko". Horren ustez, "hobe litzateke aurrekontuak luzatzea klase ertainari kalte egiten dion proiektu bat onartzea baino".
EH Bilduren jarrera deitoratu du Azpiazuk
Jaurlaritzaren negoziazio borondate "erreala eta leiala" izan arren, EH Bilduren jarrera "lausotzen joan da", Azpiazuren hitzetan. "Espero dut horren atzean ez egotea oposizioan betiko egoteko asmoa edota Euskadi zuzentzeko aukeraren aurrean beldur eszenikoa edukitzea", gaineratu du.
Azpiazuren ahotan, "inork ez luke ulertuko egindako lan handiaren ostean atzera egitea; niretzat etsigarria litzateke".
Azpiazu eta Iriarte, berbetan, osoko bilkura hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Sailburuak pentsioen auzia gogora ekarri du, eta kritika egin dio koalizioari: "Espero dut EH Bildu euskal pentsiodunak erabiltzen ez egotea, ezinezkoa zela zekiten hori sinestarazi ez izana".
Jaurlaritzak "erantzukizunez eta inor engainatu barik" jardun duela nabarmendu du Azpiazuk, baina "edozein prezio" ordaintzeko prest ez dagoela erantsi du.
Era berean, egitasmoa erretiratuta ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE) eta enpleguan EH Bildurekin adostutako hobekuntzak aurrera ateratzeko eginahalak egingo dituztela aurreratu du sailburuak.
Pentsioak DBEren bitartez osatzeko eskaintza
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez 2020an pentsio baxuenak 823 euroraino osatzea proposatu zion atzo Eusko Jaurlaritzak EH Bildu koalizioari. Hain zuzen ere, pentsioen igoera mailakatua proposatu zuen Jaurlaritzak: % 7ko igoera 2019an, 783,65 euroraino, eta % 5ekoa 2020an, 823 euroko diru-saria osatu arte.
EH Bilduren esanetan, eskaintza hori "ez da nahikoa", baina iragarri zuen ez zuela babestuko 2019ko aurrekontu proiektua itzultzea, eta prozedura amaitu arte negoziatzen jarraituko zuela aurreratu zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa