Ekonomia
Aurrekontuak 2019
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegik esan du Jaurlaritzak bi aukera dituela: "gure proposamena onartu eta jendarte justuago bat eraikitzeko urratsak ematea edo patronalak eskatutakoa betetzea eta aurrekontuak luzatzea".
Madalen Iriarte eta Pedro Azpiazu Legebiltzarrean. EFEren artxiboko irudia
Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk jarrerak "hurbildu" dituzte 2019ko Aurrekontuen aferan, nahiz eta oraingoz adostasun maila ez den "erabatekoa", eta, horrenbestez, ez duten kontuak onartzen lagunduko dien itunik hitzartu. Horixe da, hain zuzen, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duena, aste honetan bertan akordioa lortzeko itxaropena duela esan ostean.
Gasteizen emandako prentsaurrekoan argitu duenez, Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko negoziazioa zabalik dago, oraindik ere.
Erkorekaren iritziz, Legebiltzarrean 2019ko Aurrekontuak onartzeko akordioa erdiestea beharrezkoa da, bereziki, "Andaluziako hauteskundeek ekar lezaketen ezegonkortasunaren aurrean". Izan ere, emaitza onak lortu dituen eskuin muturreko VOX alderdiak adierazpen gogorrak egin ditu autonomia estatuen aurka.
"Zalantzaz jositako une honetan, Euskadirentzat ona da Aurrekontuak onartzea", esan du, azken egunotan EH Bildurengandik "gertuago" daudela argi utzita.
Alabaina, Erkorekak onartu du gaur-gaurkoz bi aldeen arteko "sintonia" ez dela akordioa ixteko "modukoa". Horregatik, negoziazioei eutsiko diete hurrengo egunetan ere.
Astea amaitu orduko akordioa zarratzeko "nahia" erakutsi du Erkorekak. Datorren asteartean eztabaidatuko dituzte Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak, eta ordurako akordioa itxi nahiko luke Jaurlaritzako bozeramaileak.
Hori dela eta, ziurtatu du 2019rako prestatutako Aurrekontu proiektua Euskadik orain arte izan duen "onena" dela. Gainera, iragarri du Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo duela kontuak aurrera ateratzeko.
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du Eusko Jaurlaritzak bi aukera dituela, "gure proposamena onartu eta jendarte justuago bat" eraikitzeko urratsak ematen hastea edo "patronalak eskatutakoa betetzea eta aurrekontuak luzatzea".
"Erabaki bat hartu behar dute", azpimarratu du Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Gobernuak bi aukera ditu: jendarte justu eta orekatuago baterantz urratsak emate ala patronalak eskatu bezala, aurrekontuak luzatzea.
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) 4 de diciembre de 2018
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa