19:58

Ekonomia

Manifestazioa

La Navaleko langileek ontziola erosteko eskatu diete Espainiako eta EAEko Gobernuei

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ontziolaren itxiera eta 177 langileen kaleratzea saihesteko, bi Gobernuen inplikazioa eskatu du enpresa-batzordeak.

0:56
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sestaoko La Navaleko enpresa-batzordeak ontziola erosteko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, edozein inbertitzaile pribatuk egingo lukeen bezala, "Europar Batasunak ez baitu debekatzen, eta ez luketeelako Estatu-laguntzatzat hartuko".

Naval enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, eta itxiera hori saihesteko irtenbideak aldarrikatu ditu Juanjo Llorden La Navaleko enpresa-batzordeko idazkariak, martxaren amaieran irakurritako adierazpenean.

Ehunka manifestariren aurrean Jordenek azpimarratu duenez, "ez gara laguntzak eskatzen ari, bideragarritasun plana izango duen proiektu industrial berri bat baizik". Langileek proposatutako konponbidea litzateke, gainera, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ontziola erostea.

Jordanek iragarri duenez, datorren abenduaren 7tik aurrera, ontziola Likidatzeko Planaren arabera, "bi Gobernuek eskaintza proposatu dezakete, eta Naval erosi, inbertitzaile pribatu eta bideragarritasun plan banarekin". "Horrela, Ezkerraldeko 3.000 lanpostu salbatuko genituzke", gaineratu du.

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PP eta PSE/EE alderdiek, UGT sindikatuak eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak babestu dute Navaleko enpresa-batzordeak deitutako manifestazioa.

Bilboko Kale Nagusian egin dute martxa, 'La Naval ez itxi. Ezkerraldeko lanaren alde' lemapean, eta Arriaga Antzoki parean amaitu. Ibilbidean zehar ontziolaren itxieraren kontrako oihuak izan dira entzungai, eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea aldarrikatu dute.

Erreakzioak

Hainbat ordezkari politiko izan dira manifestazioan, tartean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Lander Martinez Podemos-Ahal Duguren idazkari nagusia; Rafa Mayoral Podemoseko Herri-Mugimendurako idazkaria, Amaya Fernandez Euskadiko PPko idazkari nagusia, Jose Antonio Pastor PSE/EEko legebiltzarkidea eta Josu Bergara Sestaoko alkate jeltzalea.

 

Ezkerraldeko 3.000 lanpostu salbatu

 

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, La Naval ontziola "funtsezkoa da Euskal Herriko, Bizkaiko eta bereziki Ezkerraldeko etorkizunarentzat". Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "erreskate publiko baten buru izateko".

Bestalde, Rafa Mayoral Unidos Podemoseko diputatuak Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren "inplikazioa" eskatu du, "La Navalek aurrera egin dezan".

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak "gehiago ahalegintzeko" eskatu die Espainiako eta EAEko Gobernuei, "benetako inbertitzaile bat aurkitzeko, La Navaleko langileek euren lanpostuak mantendu ditzaten".

Azkenik, Amaya Fernandez Euskadiko PPko buruak "lidergo instituzionala" izateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "La Navalek Euskadirentzako aktibo bat izaten jarrai dezan".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena