Ekonomia
ERREGAIEN PREZIOEN IGOERA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 133 pertsona zauritu dira, horietatik 17 poliziak. Eliseoko Zelaien inguruek guda-leku itxura hartu dute, eta hainbat pertsonak Garaipenaren Arkua okupatu dute.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
galeriak (1)
'Txaleko horien' eta Frantziako Poliziaren arteko istiluek guda-leku bilakatu dute larunbat honetan Paris. Erregaien gaineko zergaren igoeraren aurka sortutako mugimenduko hainbat kidek Frantziako monumenturik ezagunenetakoa den Garaipenaren Arkuaren teilatua okupatu dute arratsaldean, aurreko orduetan poliziarekin enfrentamendu gogorrak izan eta gero.
Eliseoko Zelaien inguruan izan dira istilu larrienak: autoak, edukiontziak, terrazak, autobus markesinak, bide-seinaleak eta kaleko hainbat elementu erre dituzte manifestariek, eta gas negar eragilea bota du, berriz, Poliziak. Inguru hori da botere politikoari lotuen dagoen auzunea, han bizi dira enbaxadore eta diplomatikoak, eta bertan daude erakunde publikoen egoitzak.
'Txaleko horien' matxinada hasi zenetik egunik gatazkatsuena izaten ari da gaurkoa: Barne Ministerioak jakitera eman duenez, 133 pertsona zauritu dira (tartean 17 polizia) eta 412 pertsona atxilotu dituzte.
Goizean 5.500 manifestari bildu dira Parisen, eta 09:30 aldera hasi dira istiluak, manifestariek Poliziaren kontrolak gainditu eta Charles de Gaullle plazara sartu direnean. Garaipenaren Arkuaren ondoan, Frantziako ereserkia abestu, eta Emmanuel Macronen dimisioa eskatu dute. Ondoren, txikizioak eragiten hasi dira hainbat pertsona.
Manifestariak auto bat iraultzen. Argazkia: EFE
"Txaleko horien artean ezkutatuta dabiltzan istilugileei" Grands Boulevards saltoki handiaren zati bati su ematea, LCL banketxearen sukurtsal bati su ematea eta hainbat negozio erretzea leporatu die Barne ministroak. Istiluak zirela eta, Lafayette galeria komertziala hustu behar izan dute, baita Haussman kaleko Chanel lurrindenda ere, eta inguru horretan sakeo ugari gertatu dira.
Gainera, Metroaren 19 geltoki itxi egin behar izan dituzte, tartean Etoile, Eliseoko Zelaiak, Opera eta Bastilla.
Anne Hidalgo Parisko alkateak esan du "saminduta eta triste" dagoela Parisen bihotzean geratu diren "ekintza onartezin horiengatik".
Garaipenaren Arkuaren ondoan izan dira istilu larrienak. Argazkia: EFE
Estatu osoan 75.000 pertsona atera dira protesta egitera
Estatu osoan 75.000 pertsona atera dira protesta egitera gaur.
Nanteseko aireportua itxita egon da tarte batean, manifestariak pistara iritsi eta poliziarekin enfrentamenduak izan ostean.
Tarbesen (Frantzia mendebaldean) eta Le Puy-en-Velayn (Frantzia erdialdean) eraso egin diete hainbat Polizia komisariari, eta istiluak izan dira Charleville Mezieresen ere (ipar-ekialdean).
Hainbat manifestariren indarkeria ikusita, 'txaleko horien' ordezkari batzuk gertatu dena gaitzetsi dute publikoki: "Ze mezu eman nahi dugu gaur txaleko horiek?" "Frantziari su eman nahi diogula edo irtenbideak aurkitu? Indarkeria hau zentzugabea da", esan du Jacline Mouraudek aktibistak komunikabideetan.
Arazoak egun osoan, Iparraldeko mugan
'Txaleko horiak' Biriatuko ordainlekuan, goizean. Argazkia: ETB
Ipar Euskal Herriari dagokionez, arazoak izan dira goizean goizetik A63 errepidean eta ordainlekuetan. Manifestariek erabat blokeatu dute Biriatuko ordainlekua, auto-ilara luzeak izan dira, eta itxita ere egon da muga.
Arratsaldeko lehen orduan DGTk EAEra ez sartzeko gomendatu die kamioi-gidariei, eta Nafarroako Foruzaingoak kamioien zirkulazioa eten du Arren, mugako kaosa zela eta.
17:30 aldera ireki dute berriz Biriatuko muga.
Protestaren arrazoiak
'Txaleko horiak' izenez ezagutzen den mugimendua sare sozialen bidez sortu zen, alderdi zein sindikatuetatik at, baina indar handia lortu du.
Emmanuel Macronen Gobernuak erregaien zergak igotzea erabaki du, "trantsizio energetikoa" bultzatzeko. Energia kutsatzaileen erabilera "oztopatu" nahi du horrela, eta aldaketa klimatikoari aurre egin. Horretarako, diesela 7,6 zentimo igotzea erabaki du eta gasolina 3,9 zentimo. Urtarriletik aurrera, gainera, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarria aplikatuko dute, gainera, hurrenez hurren, bi erregai mota horietan.
Herritarren gehiengoa igoera horien kontra dagoela esan dute 'txaleko horiek' eta herritarren babes osoa dutela. Gaur egun 1,48 eurotan dago, batez beste, erregaiaren prezioa Frantzian.
Protestak protesta, baina, Macronek, momentuz, erregaien zerga ekologikoa ezartzeko erabakia mantenduko duela iragarri du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa