Ekonomia
BPG
Ekonomia % 2,6 hazi da hirugarren hiruhilekoan
Agentziak
Enpleguak ere goranzko joerari eutsi dio eta % 2 igo da, 2017ko epe berarekin alderatuta.
-
Enpleguak % 2 egin du gora hirugarren hiruhileko honetan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, hazi egin da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG), % 2,6, hain justu. Enpleguak ere goranzko joerari eutsi dio tarte honetan, eta % 2 egin du gora, Eustatek emandako datuen arabera.
Euskal Estatistika Institutuak nabarmendu duenez, kopuruok urrian Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenean jasotako datuak berresten dituzte. Txostena urrian aurkeztu zuten, EAEko hazkunde ekonomikoa inguruko ekonomia gehienen gainetik dagoela nabarmenduta.
Eskaintzaren aldetik, lehen sektorea (Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza; % 4,6 egin du behera) izan ezin, beste guztiek gora egin dute. Dena dela, Industria eta Energia sektoreak moteldu egin du bere hazkundea. Urte arteko tasa % 1,9koa izan da hirugarren hiruhileko honetan, baina aurrekoetan % 3ren gainetik egon da. Eraikuntzaren sektoreak, aldiz, bizkortu egin du bere hazkundea. Zerbitzu sektoreari dagokionez, antzerako eboluzio positiboa izan du hirugarren hiruhilekoan.
Lurraldeka, Arabako eta Gipuzkoako hazkundea EAEkotik gainetik kokatu da, % 2,8ko tasarekin. Bizkaian % 2,4koa izan da hazkundea. 2018ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta ere positiboki aldatu dira eta % 0,5eko tasak lortu dira Araban zein Bizkaian, eta % 0,6koa, Gipuzkoan.
Enpleguan ere, datu positiboak. Lanpostuak lanaldi osoko baliokidetzan neurtuta, azken aldietan izandako joera positiboari eutsi dio eta urte arteko tasa % 2an kokatu da ( % 0,4, bigarren hiruhilekoarekin alderatuta). Industrian, eraikuntzan eta zerbitzu sektoreetan, denetan, igo da enplegua, % 1,8ko, % 3,8ko eta % 1,9ko hazkundearekin, hurrenez hurren.
Enpleguak gora egin du hiru lurraldeetan: Araban % 2,2 hazi da, Gipuzkoan % 2,1 eta Bizkaian % 1,8.
Azkenik, Espainiako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, txikizkako merkataritzaren salmentak % 5,3 hazi dira urrian, 2017ko hilabete berarekin alderatuta. 2018ko lehen 10 hil hauetan, % 1,3 igo dira salmentak, betiere iazko epe berarekin alderatuta.