13:12

Ekonomia

Berdintasuna

Soldata-arrakala txikitzeko 283 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak

EiTB.EUS

2030ean Europako herrialdeetan soldata-arrakala txikiena dutenen pare egoteko helburuarekin, Plan operatiboa onartu du gaur Jaurlaritzak.

  • Behargin batzuk, lantokian. Argazkia: ETB

    Behargin batzuk, lantokian. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata-arrakala txikitzeko estrategia onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran. Benetako berdintasuna helburu, plan horretara 283 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak datozen bi urteetan.

Xedea 2030erako Europako herrialdeetan soldata-arrakala txikiena dutenen pare egotea da. Horretarako, 2018-2019 epean, lau ekintza-ardatz, 20 zuzentarau eta 60 neurri zehatz aurreikusi ditu Urkulluren Gobernuak. Izazkun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu ditu planaren nondik norakoak.

Landaidaren esanetan, "soldata-arrakalak emakume eta gizonen arteko gure gizarteko desparekotasuna erreproduzitu eta betikotzen duen faktore bat da, eta, beraz, gure erantzukizuna da hura suntsitzea". Dena dela, "arazo bihurri eta dimentsio askotakoa" dela ohartarazi du, eta "ondorioz, askotariko dimentsioetatik landu eta inplikatutako eragile guztiek elkar hartuta" ekin behar dutela.

Emakundek emandako datuen arabera, 2016an, EAEko pertsona langile baten urteko batez besteko irabazia 27.480 euro izan zen: 31.000 euro, gizonezkoek; eta 23.423 euro, emakumezkoek. Hortaz, EAEn % 24,4ko soldata-arrakala dago.

Lanaldi partzialeko lanen % 80, emakumeen esku

Landaidak azaldu duenez, bi motatako soldata-arrakala dago: zuzenekoa eta zeharkakoa. Lehengoan, emakumezkoari gutxiago ordaintzen zaio gizonezkoen lan bera egiteagatik; bigarrenean, "faktore kultural eta sozialak daude tartean, baita enpresa-alorrekoak ere".

Azken horretan, "segregazio horizontal eta bertikal bat ezartzen da eta emakumezkoak soldata txikien duten lanetan zokoratzen dituzte", adierazi du Landaidak. Era berean, "gizon askoren erantzunkidetasun faltaren ondorio ere bada, emakumeak malgutasun gehiagoko lanpostuak hartzera bultzatzen baitituzte zaintza lanetan aritu ahal izateko".

Hala, lanaldi partzialeko lanen % 80 emakumeen esku daude, eta hori, Landaidaren hitzetan, "oztopo handia da soldata hobea duten lanpostuak eskuratzeko eta enpresetan gora egiteko".

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena