11:35

Ekonomia

Gizarte segurantza

EAEko batez besteko erretiro-pentsioa 1.193,2 eurokoa izan da azaroan

Agentziak | Erredakzioa

EAEko pentsioak Estatuko altuenak dira, eta Asturiaskoak (1.129 euro), Madrilgoak (1.128 euro) eta Nafarroakoak (1.103,9 euro) daude zerrenda horretan jarraian.

  • Bi gizon hizketan Bilboko Areatzan

    Bi gizon hizketan Bilboko Areatzan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) batez besteko erretiro-pentsioa 1.193,2 eurokoa izan da azaroan, iazko hilabete berean baino % 3,8 handiagoa. Estatuko batez besteko erretiro-pentsioa 959,91 eurokoa da, EAEkoa baino 233,2 euro gutxiago.

Horrela, Estatuko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak astelehen honetan jakinarazi dituen datuen arabera, EAEko pentsioak Estatuko altuenak dira, eta Asturiaskoak (1.129 euro), Madrilgoak (1.128 euro) eta Nafarroakoak (1.103,9 euro) daude zerrenda horretan jarraian.

Pentsioen batez besteko kopuruari dagokionez, Araban batez beste 1.214,03 euro jaso dituzte pentsiodunek; Bizkaian, 1.204,13 euro; eta Gipuzkoan, 1.167,85.

Bestalde, 554.433 pentsio izan dira azaroan EAEn, hau da, aurreko urteko azaroan baino % 1,3 gehiago.

Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Araban 76.387 pentsio eman dituzte azaroan (aurreko urteko hilabete berean baino % 1,9 gehiago); Gipuzkoan, 187.856 (% 1,3 gehiago); eta Bizkaian, 290.190 ( % 1,2 gehiago).

554.433 pentsioen artean, erretiro-pentsioak dira nagusi, 358.204 baitaude; batez beste, 1.365,32 eurokoak dira. Jarraian, alargun-pentsioak daude, 135.570 ordaindu baitituzte; batez beste, 819,93 euro jaso dituzte horien hartzaileek azaroan.

Bestalde, ezintasun iraunkorra duten 42.961 pertsonak jaso dute pentsioa; batez beste, 1.222,71 euro jasotzen dituzte hilean. Azkenik, 15.374 umezurtz-pentsio eman dituzte azaroan Euskadin (468,18 eurokoak, batez beste), eta senideen aldeko 2.324 eman dituzte (689,26 eurokoak, batez beste).

EAEko pentsiodunak Estatu osoko pentsioen % 5,7 dira.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena