15:41

Ekonomia

Negoziazio bilerak

Enplegu eta laguntzarako 48 milioi gehiago proposatu dizkio Jaurlaritzak EH Bilduri

Agentziak | Erredakzioa

Elkarrekin Podemosekin itun bat ixteko aukera EH Bildurekin adostasun batera iristea baino “urrunago” dagoela onartu du Azpiazuk.

  • Eusko Jaurlaritza eta EH Bilduren arteko bilera. Irudia: EiTB

    Eusko Jaurlaritza eta EH Bilduren arteko bilera. Irudia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Enplegua sustatzeko eta pentsiodunek zein kolektibo behartsuenek jasotzen duten diru-sarrerak bermatzeko errenta ordaintzeko aurrekontu-saila 48 milioi eurotan areagotzea planteatu dio Eusko Jaurlaritzak EH Bilduri. Horrela, diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoak % 3,5 gora egingo luke 2019ko aurrekontuetan.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak proposamenaren berri eman du prentsaurrekoan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin ostiral honetan bildu ondoren, aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziazioen markoan.

Bi koalizioekin bildu ondotik, Elkarrekin Podemosekin akordio batera heltzeko aukera guztiz baztertzea errefusatu du Azpiazuk, baina koalizio morearekin itun bat ixteko aukera EH Bildurekin adostasun batera iristea baino “urrunago” dagoela onartu du.

2019ko kontuak onartzea erraztearen truke Lander Martinezen talde politikoak eskatzen dituen neurri “asko” erkidegoaren “eskumen markotik kanpo” daudela eta ekonomikoki “onartezinak” direla azpimarratu du sailburuak.

Bestalde, EH Bilduren kasuan, pentsio baxuak dituzten pertsonei eta baliabide eskasak dituzten beste kolektibo batzuei, diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez, laguntzeko aurrekontu-saila areagotzeko aldaketak barneratzeko prest agertu da Azpiazu.

 

EH Bildu: "Jaurlaritzaren norabide aldaketa oraindik ez da nahikoa"

 

Neurriok finantzatzeko, datorren urteko aurrekontuetan 48 milioi euroko aldaketa bat sartzeko prest dago Exekutiboa. EH Bilduk, ostera, 420 milioi euro gehiago eskatu ditu.

Hala ere, Exekutiboak neurriotara bideratu dezakeen “maximoa” dela ohartarazi du sailburuak. “Ahal izan duen esfortzu guztia egin du Jaurlaritzak”, nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritza hasierako jarreratik “mugitu” dela adierazi du EH Bilduk. Koalizioaren ahotan, pentsiorik baxuenak aurrekontuen bidez osatzeko aukera “onartu” du Exekutiboak, baina Jaurlaritzaren norabide aldaketa oraindik “ez da nahikoa” 2019ko kontuak babesteko; izan ere, bi aldeen arteko desadostasunak “handiak” dira.

Azpiazurekin bildu ondoren koalizioaren ondorioak laburbildu ditu Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak. Datorren astean bilera berria egingo dute bi aldeek.

Azkenik, politikei “bira sozial” bat emateko Eusko Jaurlaritzaren “borondate” falta deitoratu du Elkarrekin Podemosek. Horregatik, kontuak onartzeko akordio bat lortu ahal izatea “zail” ikusten du koalizio moreak.

PODEMOS AZPIAZU EFE

Azpiazu sailburua eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Argazkia: EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena