Itxi

Ekonomia

HAZKUNDE AURREIKUSPENA

Espainiaren 2018 eta 2019rako hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu Europako Batzordeak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Europako Batzordearen arabera, Espainiako ekonomia % 2,6 eta % 2,2 haziko da datozen bi urteetan, hurrenez hurren. Gainera, 2019rako aurreikusitako defizit publikoa % 2,1era igo du.

Europako Batzordeak Espainiako ekonomiaren datozen bi urteetarako hazkunde aurreikuspenak murriztu ditu, % 2,6 eta % 2,2ra, hurrenez hurren.

Espainiaren defizit publikoa, berriz, % 2,7ra jaitsiko da aurten, Rajoyren Gobernuak Europarekin adostutakoa (% 2,2) baino bost hamarren gehiago, eta % 2,1era datorren urtean, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera.

Espainiako Gobernuak bidalitako 2019ko aurrekontu proiektuan oinarrituta egin ditu bere aurreikuspenak Europako Batzordeak. Bruselaren txostenak dakarrenez, kontu handiz aztertu ditu datu horiek eta Sanchezen Gobernuak iragarritako neurri berri batzuen gaineko kezka agertu du.

Zehazki, fiskalitate alorreko neurriek (tasa digitala eta finantza transakzioen gaineko zergak) eta gutxieneko soldataren igoerak errezeloa sortzen diote.