Ekonomia
Sektoreko mahaia
Agentziak | Erredakzioa
Sindikatuek proposamena “aintzat hartzea eta babesik handiena” lortzea espero du Giza Baliabideen Zuzendaritzak.
Sindikatuen elkarretaratzea Osakidetzaren egoitza nagusiaren kanpoaldean, Gasteizen. Argazkia: EFE
Datorren urtetik aurrera garapen profesionalerako deialdi berri bat martxan jartzeko asmoa agertu die Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak sindikatuei. Horretarako, 2019rako aurrekontu proiektuak 15 milioi euroko saila aurreikusten du.
Sektoreko mahaia bildu da goizean Osakidetzaren egoitza nagusian, Gasteizen. Legealdiko zazpigarren bilera izan da.
Bide horretatik jarraitzeko borondatea azaldu du Giza Eskubideen Zuzendaritzak, eta zentzu horretan, lanbide-karrera berriro zabaltzea proposatu du. Horregatik, sindikatuek proposamena “aintzat hartzea eta babesik handiena” lortzea espero du.
Era berean, larrialdietako beharginen lan-baldintzak hobetzeko proposamena mahai sektorialean eztabaidatu dute. Zuzendaritzaren hitzetan, Osakidetzak “ez du, oraingoz, inolako erabakirik hartu, Larrialdi zerbitzuaren Koordinazio Zentroa bateratzeko egitasmo posibleari dagokionean”.
Azkenik, 2016-2017 lan eskaintza publikoaren inguruko informazioa eman die Osakidetzak sindikatuei. Zuzendaritzak azaldu duenez, 86 kategoriatatik 83tan prozesua normaltasunez garatzen ari da, eta 83 kategoria horiek gainditutako pertsonen behin-betiko zerrendak laster argitaratuko dituzte.
Osakidetzaren jarrera kritikatu dute sindikatuek
Osakidetzako Mahai Sektoraleko batzarrean ez dela “ezer” negoziatu salatu dute sindikatuek, eta gai batzuen gainean “aurretik hartutako erabakia” jakinarazteko besterik ez dietela deitu azpimarratu dute. Halaber, haien ekarpenak egiteko aukerarik ez dutela izan ziurtatu dute sindikatuek, eta gaurko bilera “antzerki hutsa besterik ez” dela izan gaineratu dute.
ELA sindikatuaren esanetan, Osakidetzak “murrizketak aplikatzen jarraitzeko asmoa du”. Izan ere, “garapen profesionalerako osagarria ez duela ordainduko adierazi du, nahiz eta horretara behartzen duen epaia mahai gainean izan”. Gainera, Osakidetzak “txanda-osagarria ere” murriztu nahi duela salatu du euskal sindikatuak.
Beste alde batetik, euskal osasun sistema publikoan indarrean dagoen Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) ereduari buruzko eztabaida lasaia egitea proposatu du LAB sindikatuak. Halaber, krisi ekonomikoko urte hauetan langileek galdutako erosteko ahalmena nola berreskuratuko duten eta Garapen Profesionalarekin zer gertatuko den argitzeko eskatu diote Osakidetzari.
2019tik aurrera ibilbide profesionala ordaintzeko erabakiaren aurrean, azken sei urteak galdutzat eman ditu CCOO sindikatuak. Dena dela, “momentuz” Bizkaiko larrialdi zerbitzuko zentroak bateratu nahi ez izatea pozez hartu du.
UGTren hitzetan, gaurko bileran mahai gaineratu dituzten hamar gai horiek banaka aztertu beharko lituzkete, bakoitzaren “sakontasuna eta seriotasuna” kontuan izanda. Halaber, garapen profesionala dela eta langileei osagarria ordaintzera behartzen dioten epaiak errespetatzeko eskatu dio Osakidetzari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa