Ekonomia
Sestaoko Naval
Ontziola erreskata dezatela exijitu diete La Navaleko langileek bi gobernuei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile-batzordeak gogora ekarri du "pribatizatutako ontziola guztiak egun itxita" daudela eta Sestaoko Naval pribatizatzea "erabaki politikoa" izan zela.
Sestaoko La Navalen zuzendaritzak iragarri du lanpostuak suntsitzeko eta langile guztiak -180- kaleratzeko erregulazio txostena aurkeztuko duela bi aste barru, konponbiderik ez badago.
Arratsaldean, beharginek manifestazioa egin dute Sestaon. 3.000 lagun baino gehiago bildu dira ontziolan hasi eta udaletxe paren amaitu den mobilizazioan.
Pedro Gonzalez langileen batzordeko presidenteak arduraz joka dezatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, "Ezkerraldean enplegua mantentzeko"; izan ere, "justifikaziorik gabeko erabaki politikoekin Ezkerraldea nahikoa zigortu dute jada", kritikatu dute.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ez diren beste inbertitzaile nagusirik onartuko ez dutela azpimarratuta, ontziola erreskatatu dezatela exijitu die bi gobernuei.
"Draga eraikitzeko balizko inbertitzaile handiari garrantzia gehiegi ematen ari dira, eta 17 hilabete daramatzate haren bila, baina ze baldintza jarriko ditu inbertitzaile horrek? Zertarako nahi ditu ontziolaren instalazioak? Zer egingo du langileokin eta gure lan-baldintzekin? Zer egin nahi du hemen", galdetu du.
Ildo horretan, gogora ekarri du "pribatizatutako ontziola publikoak guztiak egun itxita" daudela eta, beraz, konpainia guztiek porrot egin dutela.
"Mundu guztiak onartzen du La Naval pribatizatzea akats handia izan dela, baina pribatizazioa erabaki politikoa izan zen, ez baitzegoen arrazoi tekniko, produktibo edo ekonomikorik halakorik egiteko. La Naval ontziola publikorik garrantzitsuena izan da. Andaluziako eta Galiziako gobernuak gogor defendatu zituzten beren ontziolak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du ezer egin", salatu du.
"La Naval sektore estrategikoa da eta enplegua eta bizia eman dio Ezkerraldeari", erantsi du. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ontziola erreskatatu behar dutela edo bi gobernuek akzioen gehiengoa eskuratu beharko luketela berretsi du.
Bestalde, Espainiako Industria Ministerioari igorri zioten proposamenaren erantzunaren zain daudela jakinarazi du langile-batzordeak. Garrantzitsuena lanpostu guztiak mantentzea dela azpimarratu dute.
Amaitzeko, manifestazioan parte hartu duten herritarrei emandako babesa eskertu diete, batez ere jubilatuei, "beren borrokarekin belaunaldi berrientzako eredu direlako".