Ekonomia
Naval ontziola
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, urria bukatu orduko aurkeztuko dute ontziolako 177 langileei eragingo dien lan-erregulazio txostena.
Urria bukatu orduko, ontziola ixteko lan-erregulazio txostena aurkeztuko dutela ohartarazi diete langile guztiei Navaleko zuzendaritzak eta konkurtsoko administratzaileak.
Enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, bi asteko epean aurkeztuko dute ontziolako 177 langileei eragingo dien txosten hori, ez dutelako Van Oord armadorea konbentzitu Alexia draga Navalen bukatzeko, eta ez dagoelako diru gehiagorik.
Horrenbestez, kaleratzeak eta kalte-ordainak negoziatzeko prozesua abiatu beharko dute bi hilabeteko epean. Hasiera batean, behintzat, Navantiara lekualdatzeko aukera eskainiko diete 150 langileri. Hori horrela, ontzigintza zibilaren eraikuntzaz arduratzen den enpresa horretara joan edo ez erabaki beharko dute beharginek.
Nolanahi dela, langileak inbertsore izateko aukera aztertzen dabiltza horietako asko, nahiz eta oraingoz ez duten ezer itxi.
Astearte arratsaldean premiazko bilera deitu zuten Sestaoko aipatu enpresako konkurtsoko administratzaileak eta zuzendaritzak, langileei "ontziolaren egoeraren berri emateko". Batzar horretan, kontratu guztiak eteteko asmoa zutela iragarri zuten.
Akordiorik gabe
Iragan astean izandako bileran, Van Oord armadorearekin Alexia draga ontzia Sestaoko ontziolan eraikitzeko akordiorik lortu ez zela jakinarazi zion Navaleko konkurtso-administratzaileak enpresa-batzordeari. Gainera, ontzia egiteko kontraturik sinatu ezean, ontziola 20 egun barru itxiko zuela esan zien langileei.
Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkariak jakitera eman zuenez, ontziolaren "muturreko" egoeraren berri eman zieten Industria Ministerioko arduradunei.
Ordu eta erdiko bileran, "irtenbide bakarra" Van Oord armadorea draga egiteko konbentzitzea edo, bestela, Gobernu zentralak ontziola erreskatatzea zela azaldu zioten sindikatuek Ministerioari.
Europar Batasunak erreskate mota hori onartuko ez lukeela errepikatu zuten, orduan, Ministerioko ordezkariek "Estatu diru-laguntza" litzatekeelako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa