Ekonomia
Akordiorik ezean
Agentzia | Erredakzioa
Draga Sestaoko ontziolan egiteko, armadorea konbentzitzen saiatuko da Industria Ministerioa, baina enpresa publiko bihurtzea errefusatu du. Langileak bileratik “etsita” atera dira.
Navaleko enpresa-batzordeko ordezkariak. Irudia: EiTB
Atzoko bileran, Van Oord armadorearekin Alexia draga ontzia Sestaoko ontziolan eraikitzeko akordiorik lortu ez zela jakinarazi dio goizean Navaleko konkurtso-administratzaileak enpresa-batzordeari. Gainera, ontzia egiteko kontraturik sinatu ezean, ontziola 20 egun barru itxiko duela esan die langileei.
Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkariak jakitera eman duenez, ontziolaren “muturreko” egoeraren berri eman diete Industria Ministerioko arduradunei. Bilera egin dute arratsaldean, baina Reyes Maroto ministroak ez du parte hartu.
Ordu eta erdiko bileran, “irtenbide bakarra” Van Oord armadorea draga egiteko konbentzitzea edo, bestela, Gobernu zentralak ontziola erreskatatzea dela azaldu diote sindikatuek Ministerioari. Horretarako, ontziola erosteko eskaintza egin beharko luke Espainiako Gobernuak, lanpostu guztiak mantentzeko konpromisoarekin, erantsi dutenez.
Europar Batasunak erreskate mota hori onartuko ez lukeela errepikatu dute Ministerioko ordezkariek, ordea, “Estatu diru-laguntza” litzatekeelako. Hala ere, konkurtso-administratzaileari deitzeko konpromisoa hartu dute, “lehenbailehen Van Oordekin biltzeko, draga Sestaon egitea konbentzitzeko”.
Era berean, Gobernu zentral, Eusko Jaurlaritza, enpresa-batzorde eta sindikatuekin mahai bateratu bat osatzeko konpromisoa hartu dute agintariek.
Bileratik “etsita” atera direla azaldu dute langileek; izan ere, “banderilleroek gizalegez” hartu dituzte, baina proposatu dizkieten irtenbideek ez dute Navalen “etorkizuna” bermatuko.
Mobilizazioak
Enpresa-batzordeak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Ontziolako langileak bertaratuko dira; izan ere, kontrol saioan Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PPk Naval gai-zerrendan sartu dute. Enpresako behargin talde batek saioa Ganbera barruan jarraituko du.
Gainera, datorren asteazkenean, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zeneko urteurrenean, langileek manifestazioa egingo dute ontziolatik Sestaoko udaletxera. Protesta 18:30ean abiatuko da.
Datorren asteazkeneko manifestazioan parte hartzeko dei egin die enpresa-batzordeko ordezkariak herritarrei, “Ezkerraldea nahikoa zigortu dutelako jadanik”. “Gobernu zentralak eta Jaurlaritzak Ezkerraldean ia 4.000 lanpostu ez galtzeko autua egiteko garaia da”, aldarrikatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa