Ekonomia
Ontziola, likidazioan
Agentzia | Erredakzioa
Sindikatuetako ordezkariak Arantxa Tapia sailburuarekin bildu dira, eta arratsaldean hitzordua dute Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin. Tapiak 'eskaintzarik' ez izatea deitoratu du.
Albisteak (3)
Bilera eguna dute gaur Sestaoko Naval ontziolako enpresa batzordekoek. Goizean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarekin batzartu dira Bilbon, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin izango dira arratsaldean, Gasteizen.
Tapiarekin bildu ostean, adierazpenak egin ditu Juanjo Llorden langileen ordezkariak. Ohartarazi duenez, egoera oso larria da, eta "asko jota hilabete edo hilabete eta erdi geratzen zaio". Llordenen esanetan, ontziolak bizirauteko ezinbestekoa du Van Oord armadoreak Alexia ontzia Sestaon eraikitzen amaitzea. "Adarra jotzen ari zaigu, ezkorrak gara", esan du.
Bi aldeak bilduta zeuden bitartean, langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko SPRIren egoitzaren kanpoaldean. Langileek "Naval ez itxi" edo "Eusko Jaurlaritza, busti zaitez" bezalako mezuak zabaldu dituzte.
Jaurlaritzako sailburuarekin izan duten bileraz galdetuta, enpresa batzordeko presidenteak esan du "betiko moduan" joan dela: "Ulertzen gaituela esan digu, baina ez digu konponbiderik ematen".
Enpresa likidazio fasean sartzea esperotako neurria zela azaldu du Llordenek. "Ustekabea Van Oorderrek eman zigun ontzia eraikitzen amaitzeko beste baldintza bat jarri zigunean". Herbehereetako armadoreak inbertitzaile gehiago izatea galdegin zuen Alexia Sestaon egiten jarraitzeko. "Ezinbestekoa da guretzat ontzia amaitzea, egiten ez badugu, ontziola hilda dago; asko jota, hilabete edo hilabete eta erdi geratzen zaigu", erantsi du.
"Van Oord adarra jotzen ari zaigu"
Llordenen esanetan, armadorea "adarra jotzen dabil, ez du ezetz esan nahi, eta guk ez dela posible esatea nahi du". Enpresa batzordeko presidenteak argitu du Van Oordek ez duela oraindik egin dioten bilera eskaerari erantzun. Enpresak datorren astean "azken saiakera bat" egingo duela uste du Llordenek; "ez dago denbora gehiago", deitoratu du.
Navalen inbertitzaile berriak sartzeko aukeraz galdetuta, ezkor azaldu da langileen ordezkaria: "Urtebete dabiltza bila, eta ez da inor agertu, zaila da hilabetean agertzea". Dena dela, horren ustez, konponbidea ez da hori.
Erakundeek auzian duten "erantzukizunaz" ere mintzatu da Llorden. Salatu duenez, Espainiako Gobernuak badu ardura: "Hark pribatizatu gintuen". Jaurlaritzari buruz, berriz, honakoa esan du: "Lanpostu iturri den aldetik, ontziolen sektorea defendatzeko ardura enpresarial eta instituzionala du".
Tapia: 'Interesa badago, baina eskaintzarik ez'
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Sestaoko Naval ontziolan interesa duten inbertitzaileak egon badaude, baina momentuz inork ez du eskaintzarik aurkeztu. Horren esanetan, helburu nagusiak enpresak zabalik jarraitzea eta Van Oord armadoreak Alexia draga Sestaon egitea dira.
Naval ontziolako enpresa batzordearekin Bilbon bilera egin ostean, Tapiak ukatu egin du Eusko Jaurlaritza langileek proposatutako hiruko mahai bat (Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta sindikatuak) osatzearen aurka dagoela. Dena den, ez du uste bertatik "ezer adierazgarririk" aterako denik.
Tapiaren esanetan, enpresa batzordeak eskatutakoari jarraiki, Jaurlaritzak Naval ontziolari laguntzeko egin ahal duena laburbiltzen duen txostena egingo du. Balizko neurri horiek Europar Batasunak baimendutakoak lirateke.
Hiruko mahaia sortzeko eskaera Industria Ministerioari helaraziko dio Lozak
Azkenik, konpainiaren etorkizunaz hitz egiteko Gobernu zentralak, sindikatuek eta Jaurlaritzak hiruko mahai bat sortzea proposatu dio Navaleko enpresa-batzordeak Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariri. Eskaera Industria Ministerioari helarazteko konpromisoa hartu du Lozak.
Loza Navaleko langileen ordezkariekin bildu da arratsaldean, beharginen eskakizunak zuzenean ezagutzeko.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez, enpresaren eta langileen etorkizunarekin kezkaturik azaldu da Loza. “Interes eta kezka bera du Espainiako Gobernuak”, ziurtatu du.
Hiruko mahai hori sortzeko eskaera Industria Ministeriori egiteko konpromisoa hartu du Lozak. Exekutibo zentraleko ordezkariaren hitzetan, “elkarrekin, indarrak batuz, lan egitea funtsezkoa da, etorkizunean enpresa eta lanpostuak Ezkerraldean mantentzeko”.
Une honetan, “Alexia ontzia bukatzeko eta proiektu sendo batekin datorren inbertitzaile bat lortzeko saiakera guztiak egin behar dira, enpresaren etorkizuna eta zona berrindustrializatzeko egitasmo estrategiko bat bermatzeko”, azpimarratu du Gobernu zentraleko ordezkariak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa