16:25

Ekonomia

Sestaoko Naval

Sestaoko Naval likidatzeko eskaera egingo dute epaitegian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sestaoko ontziolaren etorkizuna "arrisku handian" dagoela ohartarazi du enpresa-batzordeak. Bitartean, Van Oord armadoreak epe luzerako inbertitzaile bat exijitu du, 347 ontzia eraikitzeko.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sestaoko Navalen likidazio prozesua abiaraz dezala eskatuko du Construcciones Navales del Norte konpainiak epaitegian. Hala erabaki du astelehen honetan CNNren Administrazio Kontseiluak.

Nolanahi ere, Van Oord armadorearekin negoziatzen eta inbertitzaileak bilatzen jarraituko dutela azpimarratu du konpainiak. Besteak beste, 'Alexia' draga eraikitzen amaitzeko Sestaoko ontziolaren etorkizuna bermatuko duen inbertitzaile sendo bat exijitzen du Van Oordek.

Navalen zuzendaritzak hilabeteak daramatza Van Oord armadorearekin eta 347 ontzia eraikitzeko egitasmoan sartuta dauden banketxeekin negoziazioan, baina orain arte ez dute inolako akordiorik egin. Gainera, konpainiak ohar bidez azaldu duenez, hartzekodunen ituna aurkezteko epe legalak agortu dira jada.

Bestalde, Navaleko enpresa-batzordeak ohartarazi du likidazio prozesua abiarazita, ontziolaren etorkizuna "arrisku handian" jarri dutela.

Gauzak horrela, langileen ordezkariak Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburuarekin eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariarekin bilduko dira ostegunean. Gainerako erakundeekin batzartzeko asmoa ere iragarri dute, "Sestaoko ontziolarentzat irtenbidea bilatzeko asmoz".

Ildo berean, Van Oord armadorearekin biltzea eskatuko dutela jakinarazi dute. "Ontziolako langile guztiokin hartu zuen konpromisoari euts diezaiola eta, beraz, hasitako lanak amaitu ditzala galdegingo diogu", aurreratu dute.

Enpresa-batzordeak elkarretaratzea deitu du ostegunean, 09:00etan, SPRIk Bilbon duen egoitzaren parean. Halaber, urriaren 2an langileen asanblada egingo dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena