Ekonomia
Lanuzteak
AGENTZIAK
Sustapen Ministerioaren proposamena “ke hutsa” dela kritikatu du taxi-gidarien bozeramaile batek Loiuko aireportuan.
Albisteak (3)
Hego Euskal Herriko taxilariek greban jarraituko dute astearte honetan, ETBk jakitera eman duenez.
Bartzelonako eta Madrilgo lankideen erabakiaren zain egon dira Loiuko aireportuan bildutako ehun bat taxi-gidari. Erabakiaren berri izan ondoren batzarra egin dute berriro, eta bozeramaile batek megafono batekin azaldu duenez, Sustapen Ministerioaren proposamena “ke hutsa” da. Ondorioz, astearte honetan 05:00etatik aurrera gaurko irudi berdinak errepikatuko dira.
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako taxi gidariek bat egin dute Estatuko Taxien Elkarteak (Antaxi) deitutako greba deialdiarekin. Besteak beste, Uber, Cabify eta antzeko enpresen ibilgailuen baimenak mugatzea eskatzen dute.
Bizkaian 300 taxi-gidarik parte hartu dute astelehen honetan Bilboko protesta karabanan. Taxien Euskal Federazioak emandako datuen arabera, Loiuko aireportutik Bilbo aldera irten dira eta erdigunera iristsi direnean aireportura itzuli dira.
Ertzaintzak 500 euroko isuna jarri eta gidabaimeneko sei puntu kendu dizkie karabana horretan parte hartzen ari diren zenbait gidariri ausarkeriaz gidatzea leporatuta, gomendatutako abiadura baino txikiagoan joateagatik.
Txorierriko igarobidean eta Enekurin, Bilboko sarbidean, auto-ilarak sortu ditu protestak.
Horren aurretik, Bizkaiko taxilariek elkarretaratzea egin dute Loiuko aireportuan eta tentsio uneak bizi izan dira grebalarien eta lanean ari ziren taxilarien artean.
Taxi gidarien protesta Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE
Donostian, dozenaka taxilariek elkarretaratzea egin dute autobus eta Adifeko geltokien aurrean, bata bestearen alboan baitaude hiriko erdialdean. Taxilariek ibilgailuak gelditu dituzte, eta adierazpen bat irakurri dute. “Baimen eskakizunean udalek eskumena izatea” eskatu dute, “30 taxiko VTC baimen bakarra ratioa bermatzeko”.
Gainera, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordea kritikatu dute taxi-gidariek, Kataluniako Auzitegi Nagusiak VTC baimenak baldintzatzeko Bartzelonako Udalaren araudia baliogabe uztea lortu duelako.
Gipuzkoako taxilarien hitzetan, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordea “argi eta garbi bi multinazionalen interesak defendatzen ari da, taxi sektorean lanean ari diren 100.000 profesional zintzo baino gehiagoren kaltetan”.
Gasteizko taxilariek elkarretaratzea egin dute Olagibel kalean, eta ondoren “VTC kanpora” kartelekin ibilbidea egin dute hiriko kaleetatik.
Nafarroan, taxi gidariek zazpi orduko lanuztea egin dute 06:00etatik 13:00etara, AITANek (Nafarroako taxi-gidari auto-patronoen elkarte independentea) deituta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa