Itxi

Ekonomia

BARNE PRODUKTU GORDINA

EAEko ekonomiaren hazkundea moteldu egin da urteko bigarren hiruhilekoan

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Barne Produktu Gordina % 2,8 hazi da, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Gainera, Eusko Jaurlaritzak datozen bi urteetarako % 2,3ko eta % 2ko hazkundea aurreikusi du.

  • Alberto Alberdi, Pedro Azpiazu eta Jordi Campas gaurko agerraldian. Argazkia: Irekia

    Alberto Alberdi, Pedro Azpiazu eta Jordi Campas gaurko agerraldian. Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiaren hazkundea moteltzen hasi da. Barne Produktu Gordina % 2,8 hazi da urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Datozen bi urteei begira hazkunde aurreikuspen txikiagoa egin du Eusko Jaurlaritzak: 2019an % 2,3 eta 2020an % 2.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak eta Jordi Campas Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak ekonomiaren egoerari buruzko urteko txostena aurkeztu dute gaur goizean Gasteizen.

Azpiazu sailburuak azpimarratu duenez, eta lehen hiruhilekoan izandako azelerazioaren ondotik, Barne Produktu Gordinak % 2,8ko hazkundea izan du urteko bigarren hiruhilekoan (urte arteko terminoetan). Beraz, sailburuaren hitzetan, ekonomiak "desazelerazio txiki" bat izan du, "aurreikusi bezala".

Horrez gain, datozen bi urteetan ere nolabaiteko "moteltzea" izatea espero du Eusko Jaurlaritzak. Horren arabera, ekonomia % 2,3 haziko da 2019an eta % 2, ostera, 2020an. Enplegu tasari dagokionez, 2019rako eta 2020rako aurreikusten den bariazio tasa % 1,4koa eta % 1ekoa da, hurrenez hurren. Langabezia tasak ere beheranzko joerari eusten dio. Enplegua % 1,9 haziko da aurten eta langabezia tasa % 10,8ra jaitsiko da. 2020ari begira, % 9,6ra jaistea aurreikusten du Urkulluren Gobernuak.

Sailburuaren esanetan, ekonomiaren egoera horrek hurrengo urteetarako aurrekontu proiektuak baldintzatuko ditu. Gaineratu duenez, langileen soldatak "nabarmen" igo nahi dituzte eta igoera horiek Estatuko araudiarekin bateragarriak izatea espero dute. Halaber, aurreko urteetan osasun arloan izandako konpromiso "sendoa" mantenduko dela eta horri hezkuntza alorrean egingo den "bultzada indartsua" gaineratu behar zaiola nabarmendu du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak erronka demografikoan egingo du azpimarra, familia planaren bitartez, eta etxebizitza alorrean gazteen emantzipazioa bultzatuko du.