Ekonomia
2017ko balantzea
BPGa % 3,2 haziko da aurten, eta % 2,5 2019an, Laboral Kutxak aurreikusi duenez
agentziak
Gainera, entitatearen iritzian, langabezia % 10etik behera kokatuko da datorren urtean.
-
Xabier Egibar eta Joseba Madariaga, aurkezpenean. Argazkia: Laboral Kutxa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) % 3,2 haziko da aurten, Laboral Kutxak egindako aurreikuspenen arabera. Kreditu-kooperatibaren Ikerketa Departamentuaren hitzetan, ekonomiak "hedapen fasean" jarraituko du, "nolabait motelduko bada ere". 2019rako % 2,5eko hazkundea aurreikusi du Laboral Kutxak, eta langabezia tasa % 10etik behera kokatzea.
Xabier Egibar eta Joseba Madariaga, hurrenez hurren, Negozio Garapenerako eta Ikerketa Departamentuko zuzendariek prentsaurrekoan aurkeztu dituzte aurreikuspenok, baita 2017ko txostena ere. Iaz % 2,9 hazi zen EAEko ekonomia.
Laboral Kutxako arduradunen hitzetan, Euskadiko susperraldi ekonomikoa "oso sendoa da", ondoz ondoko 18 hiruhilekoko hazkundea gauzatu baita. Madariagaren esanetan, esportazioei eta produkzio inbertsioen bultzadari esker izan du ekonomiak bilakaera hori.
Enpleguaren alorrean ere baikor dago Laboral Kutxa. Estimazioen arabera, langabezia tasa jaisten joango da, eta 2019rako % 10etik behera kokatuko da. 2018-2019 urteetan 33.000 lanpostu sortuko dira Euskadin, eta Nafarroan, 12.000.
Madariagak azaldu duenez, barne-eskaerari esker ari dira hazten EAEko zein Espainiako ekonomiak. Politika fiskal hedakorragoak eta kanpo-eskariaren ekarpen positiboak ere hazkundeari mesede egiten diote.