18:45

Ekonomia

Osakidetzako oposaketak

Lan-eskaintza publikoko hainbat azterketa errepikatzea erabaki du Osakidetzak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Osakidetzak "akatsak" antzeman ditu ondoko kategorietako azterketetan: Angiologian eta Kirurgia Baskularrean, Anestesian eta Kardiologian.

  • Osakidetzaren azken oposaketetako irudia. Artxiboko argazkia: EiTB

    Osakidetzaren azken oposaketetako irudia. Artxiboko argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzak lan-eskaintza publikoko hainbat azterketa errepikatzea erabaki du. Irregulartasunak izan zirelakoan, lau kategoriatako probak behin-behinean geldiarazi zituzten eta lau kategoria horietako hirutan azterketak errepikatu egingo dituela jakinarazi du.

Hala iragarri du Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak Gasteizen egin duen agerraldian. Azkeneko oposaketetan izan ziren ustezko irregulartasunen harian Osakidetzak abiarazitako barne-ikerketaren berri emateko eskaini du prentsaurrekoa.

Lan-eskaintza publikoko hainbat azterketa filtratu zirela salatu zenean, Osakidetzak oposaketetako kategoria guztietako (86) proba guztiak aztertzea erabaki zuen, baina horietako lau kategoria baino ez zituen geldiarazi: Angiologia eta Kirurgia Baskularra, Anestesia, Kardiologia eta Kirurgia Plastikoa. 300 bat lagun aurkeztu ziren proba horietara.

Mugicak azpimarratu du ez dela frogatu azterketak filtratu zirela, baina ikerketan parte hartu duen aditu independenteak "akatsak" antzeman ditu azterketa ereduetan eta proba horiek zuzentzeko metodoan.

Horrenbestez, lau kategoria horietako hirutan azterketak errepikatuko dituzte: Angiologian eta Kirurgia Baskularrean; Anestesian; eta Kardiologian. Kirurgia Plastikoaren kasuan, epai-mahaiak aho batez onartu du hautaketa prozesuarekin normaltasunez aurrera jarraitzea, "hasierako emaitzak aintzat hartuta".

Osakidetzak egindako ikerketari buruzko xehetasun guztiak hilaren 19an emango dituzte Eusko Legebiltzarrean. Egun horretan agerraldia egingo dute Jon Darpon Osasun sailburuak, Maria Jesus Mugicak eta Osakidetzako beste bi ordezkarik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena