Ekonomia
Protesta astelehena
Agentziak | Erredakzioa
Protestarik jendetsuena Bilbon izan da. Milaka pertsonak manifestazioa egin dute udaletxetik Moyua plazara.
Manifestazioa astelehen honetan, Bilbon. Argazkia: EFE
Milaka erretirodunek eta pentsiodunek elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte berriro astelehen honetan, hiriburuetan. “Gobernua bata ala bestea izan” pentsioak defendatu dituzte manifestariek, baita 1.080 euroko “gutxieneko” pentsioa ere.
Protestarik jendetsuena Bilbon izan da. Milaka pertsonak manifestazioa egin dute udaletxetik Moyua plazara, “Pentsio duinak bermatzen dituen sistema publiko baten alde” lelopean.
“Gobernua bata ala bestea izan, pentsioak defendatu”, oihu egin dute manifestariek behin eta berriro, baita “pentsioak irabazitako eta ordaindutako eskubide bat dira” ere. Era berean, “lan erreforma atzera botatzea” eskatu dute parte-hartzaileek.
Iragan urtarriletik, astelehenero Bilboko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute pentsiodunek. Gaur, ordea, manifestazioa egitea erabaki dute erretirodunek, udaletxetik Moyua plazara.
Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkaritzaren egoitzatik pasa direnean, manifestariek oihu egin dute: “Lapurrak erakundeetatik kanpora” eta “borroka hau irabaziko dugu”, errepikatu dute pentsiodunek eta erretirodunek.
Ehunka pentsiodun Gasteizen. Argazkia: EFE
Gasteizen, ehunka pentsiodunek manifestazioa egin dute hiriko kaleetan, “Pentsio publiko duinak” lelopean. Besteak beste, “Gobernua bata ala bestea izan, pentsioak defendatu” edo “1.080 euro baino gutxiagorekin ez dira kontuak ateratzen” oihu egin dute manifestariek.
Nahiz eta Gobernua aldatu, mezuak berdina izaten jarraitzen duela ziurtatu du Elena Arce kolektiboko bozeramaileak kazetarien aurrean: “pentsio publikoak indartzea”. Bestalde, Pedro Sanchezen Exekutiboak jaramon egiteko itxaropena agertu du Arcek.
EAJren egoitzatik, Eusko Legebiltzarretik eta Arabako Foru Aldunditik pasa dira pentsiodunak astelehen honetan. Aurrekontuen negoziazioan, jeltzaleek izandako jarrerarekin “desengainua” hartu dutela azpimarratu dute manifestariek.
Pentsioak alderdien arteko negoziazioaren menpe egon behar ez direla esan dute manifestariek, eta EAJri “bustitzeko” eskatu diote, “aurrean” baino, aldamenean jarriz. Gainera, 1.080 eurora arte, pentsio baxuenak osatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Donostian, Alderdi Eder Pentsiodun eta Erretirodunen Batzarrak astelehenero udaletxearen aurrean egin ohi duen elkarretaratzea, Gipuzkoako Aldundiko Jauregiaren arkupean egin behar izan dute gaur euri-jasengatik.
Manifestariek pankarta handi bat eraman dute. Minutuak eman dituzte foru erakundearen aurrean. Maria Serrano Alderdi Eder Pentsiodunen Batzarreko bozeramaileak adierazpen bat irakurri du, aldarrikapen nagusiak zerrendatuz.
Euria zela medio, Donostiako erdigunetik manifestazioa ez egitea erabaki dute. Astero elkarretaratzearen ondoren Boulevardera arte manifestazioa egiten dute pentsiodunek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa