Ekonomia
Lan Eskaintza Publikoa
agentziak | erredakzioa
"Kanpoko eragile aditu batek" Lan Eskaintza Publikoko azterketa guztien "analisi estatistiko eta psikometrikoa" egingo du.
Albisteak (7)
Osakidetzak Lan Eskaintza Publikoko (LEP) 86 kategorietako azterketa guztiak berrikusiko ditu, baina egutegiak bere horretan jarraituko du, ustezko irregulartasunengatik bertan behera utzitako lau espezialitateetan izan ezik.
2016-2017 LEParen Jarraipen Batzordeak bilera egin du gaur Gasteizen. Bertan egon dira Osakidetzako eta lan eskaintza publikoa sinatu zuten sindikatuetako ordezkariak (Satse, Medikuen Sindikatua eta UGT), EAEko Osasun Zerbitzuak bertan azal zitzan ikerketapean dauden azterketetako filtrazioak argitzeko hartu dituen neurriak.
Bileraren ostean, Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan die azterketetan parte hartzen ari diren 96.000 hautagaiei, egutegiari eutsiko diotelako eta datozen asteetan egingo direlako, "aurreikusita zegoen moduan", falta diren 19 espezialitateetako azterketak.
Egutegiak aurrera jarraituko duen arren, "Kanpoko eragile aditu batek" Lan Eskaintza Publikoko azterketa guztien "analisi estatistiko eta psikometrikoa" egingo du, bai orain arte egindako 67 kategoriena eta falta diren 19ena. Horren ondoren erabakiko dute informazio txosten gehiago ireki ala ez.
Hori horrela, Kirurgia Plastiko, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, Anestesia eta Kardiologia espezialitateen prozesuak soilik gelditu dituzte (susmopean dauden lauak), eta 300 hautagairi eragiten die neurriak. Sindikatuek eta oposizioko taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) uste dute hamaika espezializatetan izan direla filtrazioak, eta Osakidetza ikertzen ari den arren, prozesuek aurrera jarraitzen dute.
Agustin Gutierrez Medikuen Sindikatuko ordezkariak gustura hartu du Osakidetzaren "jarrera aldaketa", "ezer ez dela gertatzen teoria baztertu eta ikertzen hasi" delako.
LABek ez du parte hartu jarraipen batzordean, bere garaian ez zuelako LEP deialdia sinatu, baina gaur goizean Arabako Fiskaltzarekin elkartu da eta iragarri du, ELAk egin zuen moduan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean salatuko duela kasua.
ELAren hitzetan, gertatutakoa “ez da fenomeno bakan bat izan, zerbitzuburu batzuek zuzendutako sistema ustel baten erakusgarri baizik”.
Osakidetza eta Osasun Saila “prozesua zinismo ikaragarriarekin kudeatzen” ari dira; izan ere, “ororen berri izan dute”, sindikatu abertzaleak erantsi duenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa